GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Ibilaldia 2012

Lainoek ez dute milaka euskaltzalek Trapagaranen sortutako olatua gelditu

Euskal Herriko txoko guztietatik heldutako milaka euskaltzale Trapagaranen batu ziren atzo aurtengo Ibilaldia ospatzeko. Familiak, gaztetxoak, helduak, publiko anitza batu zen Meatzaldeko herrian, baina, beti bezala, jai giroa eta euskara izan ziren protagonista. Eguraldiak lagunduko ote zuen azken unera arte zalantzan izan zen arren, antolatzaileak oso pozik ziren jaso zuten erantzun bikainarekin. Portugaleteko Asti-Leku ikastolak hartuko du lekukoa datorren urtean.

p002_f01.jpg

Mikel PASTOR | TRAPAGARAN

Goizeko lehendabiziko orduetan zenbait euri tanta bota zituen arren, eguraldia eskuzabal agertu zen atzokoan Trapagarango Itxaropena ikastolarekin eta Meatzaldeko herrira gerturatu ziren milaka eta milaka euskaltzaleekin. Aurreikuspenen arabera, 80.000-100.000 pertsona inguruk parte hartu zuten aurtengo Ibilaldian.

Trapagaranera heltzeko garraiobide ugari baliatu zituzten euskaltzaleek. Asko goizean goiz iritsi ziren autobusez Euskal Herriko bazter guztietatik: 200 autobus baino gehiago jaso zituen Trapagaranek. Beste asko autoz gerturatu ziren aurtengo Ibilaldira. Inguruko herrietatik oinez gerturatu zirenak ere izan ziren. Baina, zalantzarik gabe, trena izan zen bisitari gehien mugitu zituen garraiobidea Renfek jarritako zerbitzu bereziari esker.

Honelako ekitaldietan ohikoa denez, atzoko ibilbideko gune bakoitza publiko zehatz bati zuzenduta egon zen, bakoitzak bere modura goza zezan. Herriko gunean, euskal kulturarekin lotutako ekintzak izan ziren nagusi. Goizean, dantzak izan ziren protagonista; lehendabizi, dantza erakustaldi eder bati esker, eta, ondoren, Trapagarango dantza taldeak antolatutako fandango eta aurresku eskolekin.

Arratsaldean musikaren txanda izan zen. Adarrots folk taldea aritu zen lehendabizi; ondoren, Kherau, eta, egitaraua ixteko, Ohian Vegak dozenaka gazte jarri zituen dantzan gaur eguneko hit nagusiekin.

Aurtengo ibilbidea malkartsua zen oso, gainontzeko guneak mendian kokatuta zeudelarik. Aldapan gora eginda, hiru- garren gunearekin topo egin zezakeen bisitariak. Gune hori hiru azpigunetan banatuta zegoen. Lehendabizikora, Irrien Lagunak deitutakora, ehunka ume gerturatu ziren antolatutako joko eta ikuskizunekin gozatzera. Familiek, bigarren planoan, ahal bezala egin zioten aurre beroari. Balsa Txikia deitutakoa zen bigarren gunea. Bertan, Meatzaldeko tradizioaren erakusgarri diren harri-zulatzaileak aritu ziren. Karate erakustaldia eta Meatzaldeko bertsolarien saioa ere izan ziren.

Gazte olatua

Ibilaldiko beste bi guneak, Balsa Handia eta Durañona, gazteei zuzenduta zeuden. Paradoxikoki, bata ibilbidearen punta batean kokatuta zegoen, eta, bestea, kontrakoan. Hortaz, gazteek, aukeratu beharra izan zuten: Bizardunak ala Betagarri? Eztabaida ez zen gogorregia izango seguruenik; hala dirudi behintzat kontzertu batera eta bestera joandakoak zenbatuta. Gasteizko taldeak masak mugitzen ditu oraindik ere eta Durañonara milaka gaztetxo erakarri zituen. Balsa Handian, bitartean, Bizardunak talde nafarrak publiko txiki baino fidel baten aurrean jo zituen bere soinu irlandarrak, taldearen sinbolo diren letra berezi eta probokatzaileekin.

Iñaki Ortizek eta Betagarriko gainontzeko kideek Durañonako kontzertua amaitu bezain laster, han bildutako gazteek Balsa Handirantz jo zuten Vendetta taldea ikusteko. Bidean, nerabeek mota guztietako kantak abestu zituzten Baco jainko greziarraren eskutik. Hori bai, beste egun baterako geratzen da gazteriaren eta Ibilaldiaren arteko erlazio etiliko goiztiarraren analisia...

Vendetta eta Ze Esatek! taldeak aritu ziren arratsaldean leporaino betetako Balsa Handian. Bai Nafarrak bai gipuzkoarrak gustura aritu ziren, lehendabiziko akordeetatik bertatik bereganatu baitzituzten entzuleak.

Bitartean, giro lasaiagoa bilatzen zutenentzat, Mikel Markezek eta Erramun Martikorenak kontzertu ederra eskaini zuten Durañonan arratsean. Guneko azken ekitaldia izan zen.

«Sustoa» hartu ostean, pozik

Jose Mari Andres, Itxaropena ikastolako zuzendaria, pozik agertu zen GARAri egindako adierazpenetan, nahiz eta eguneko lehendabiziko orduetan «sustoa hartu».

«Oso pozik gaude jendearen erantzunarekin, gure aurreikuspenak bete egin dira», zioen irribarretsu trapagarandarrak. Eguraldiari buruz ere mintzatu zen: «Egunaren hasierako partean sustoa hartu dugu, euri tanta batzuk erori direlako, baina jendearen erantzuna ikusita, izugarriko lasaitua hartu dugu».

Andresen ustez, arrakastaren gakoetako bat Trapagaranen «garraio publikoa alde izatea» izan zen. «Jendetza etorri da trenez. Renfek antolatutako zerbitzu berezia oso garrantzitsua izan da. Era berean, Ezkerraldeko herri handietatik gertu egoteak ere laguntzen du, Portugalete eta Barakaldotik jende asko oinez gerturatu baita», azaldu zuen.

Garikoitz Meabe Ibilaldiko koordinatzailea ere pozik agertu zen «aurreko egunetan egindako lan eskergak merezitako saria izan duelako». Hori bai, zenbait ñabardura egin nahi izan zituen: «Honelako festak askotan folklore hutsean geratzen dira, sakoneko mezua ahaztuz. Horregatik, hobetzen saiatuko gara hurrengo edizioei begira, formula berriak bultzatuz».

Portugaleteko Asti-Leku ikastolak hartuko dio lekukoa Itxaropena ikastolari Ibilaldiaren 2013ko edizioan. Atzoko arrakasta errepikatu dadila alboko herrian ere!

HERRIRAREN PUXIKAK

Herrira mugimenduak ehunka puxika urdin banatu zituen ibilbidean goiz osoan zehar. Puxikak eguerdiko ordu bietan askatzea zen agindua, eta, txintxo-txintxo, euskaltzale ugarik mosaiko ederra eraiki zuten Trapagaraneko zeru gainean.

ZENBAKITAN

40

urte beteko ditu laster Itxaropena ikastolak, «Meatzaldeko ikastola bakarrak».

500

ikasle inguru ditu Itxaropenak gaur egun, eta zortzi urteko epean 700era heltzea espero dute.

200

autobus gerturatu ziren atzokoan TrapagaraneraEuskal Herri osotik.

40

kilometroko eremuan ditu ikasleak ikastolak, Zorrotzatik Sopuertara.

34.

edizioa izan zen atzokoa. Lehendabiziko Ibilaldia Getxon egin zen, 1978an. Portugaletenospatuko da jaiaren35. urteurrena.

aldarrikapena

Ibilbide osoan pankarta ugari ikusi ahal izan ziren. Trapagaraneko gazte mugimenduak gaztetxe publiko eta autogestionatua eskatu zuen. Zainketa partekatuaren alde ere zenbait pankarta agertu ziren, baita «fracking»-aren kontra ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo