Mikelazuloren Zine Txiroak agur esango du, eta lekukoa Gaztetxeak hartuko du
GARA | ERRENTERIA
Zinema dokumentalari lotutako sei urtetako ibilbidearen ostean, eta 50 pelikula baino gehiago aurkeztu eta gero, Mikelazulo kultur elkarteak amaitutzat emango du bihar Zine Txiroa Oreretan zikloa. Azkeneko saioa berezia eta jendetsua izatea nahi dute, eta urte hauetan bidelagun izan dituzten guztiak gonbidatu dituzte, haiei esker izan baita Zine Txiroa posible. Hitzordua 19.30ean da, Mikelazulon.
Bertan, «Ziztadak» filma emango dute, Sabino Ormazabalek aurkeztua, eta ondoren afari-merienda egingo dute. Oreretako Gaztetxeak hartuko du antolakuntza lanetan erreleboa.
«Ziztadak» filmak aurrera jarraitzen du bere aurkezpen birarekin, eta Errenterian soilik ez, beste emanaldi ugaritan ikusten ahalko da. Gaur bertan, 19.30ean, Ekologistak Martxan elkartearen Ekoetxean proiektatuko dute, eta ostegunean Gasteizen, Hala Bedi irratiak Alde Zaharrean duen tabernan. Handik Zarautzera joango dira, gero Donostiara, eta Madrilera ere iritsiko dira.
Film honek ekintzak eta gogoetak biltzen ditu, indarkeria-ezaz, aktibismoaz... Gizarte eraldaketaren alde.