Arantxa Urretabizkaiaren «Zergatik panpox» nobelaren irakurraldi jarraitua, Arriagan
Bilbo Zaharra euskaltegiak Klasikoen 5. Irakurraldi Jarraitua egingo du bihar 08.00etatik 20.00etara Bilboko Arriaga antzokian. Arantxa Urretabizkaiaren «Zergatik panpox» nobela aukeratu dute aurten.
A.A. | BILBO
«Arantxa Urretabizkaiaren `Zergatik Panpox?' nobelan dugu lehenengo aldiz euskal literaturan protagonista femenino subjektu bat, aitzindaria izan zena bere ezaugarri guztietan». Arrazoi horrexegatik aukeratu du aurten Bilbo Zaharra euskaltegiak nobela hau Klasikoen 5. Irakurraldi Jarraiturako. Bihar izango da, Arriaga antzokian, goizean goiz hasi eta iluntzera bitartean.
1979an argitaratutako nobela honek, lagunak alde egin ondoren, emakume batek bere haurrarekin bizi duen egun normal bat kontatzen du. Urretabizkaiak (Donostia, 1947), emakume horrek goizean goizetik haurrari gosaria eman, ikastolara eraman, arratsaldean jaso, lotara eraman, eta protagonista bera oheratu arte egin dituenak eta burutik pasatu zaizkion gogoetak kontatzen ditu.
Klasikoa?
«Ez litzateke harritzekoa norbaitek 1979an argitaratutako nobela bat klasikotzat ez hartzea. Gu ez gara eztabaida horretan sartzen. Arantxa Urretabizkaiaren liburua euskal literaturako mailarik gorenean dago eta merezi du gure ekimenaren ateak parez pare zabal diezazkiogun», esan zuten antolatzaileek.
Irakurraldi honetan, lehenengoan, duela lau urte, Axularren «Gero» irakurri zen; duela hiru urte, Mogelen «Peru Abarca»; duela bi, Jon Miranderen «Haur besoetakoa»; eta iaz, Ramon Saizarbitoriaren «Hamaika pauso».
Irakurraldiaren inguruan zenbait hitzaldi antolatzen ditu Bilbo Zaharra euskaltegiak eta gaur izango da aurten egingo den hirugarren eta azkena. Josune Muñoz 19.00etatik aurrera Euskaltzaindiaren egoitzan arituko da solasean: «Kanon berri bat eraikitzeko abiapuntua izan zelako ustean, eleberri labur honek baitan gordetzen duena xehetasunez iruzkinduz gero, bere garaiko eta gaurko modernitate zein klasikotasuna aurkitzen saiatuko gara».
Muñozek gaiak, ahots narratiboak, pertsonaiak... aztertuko ditu, «erreminta kritikoez baliatuko gara liburuaren balio, lorpen eta ekarpen anitzak neurtzeko».