Joxemari ETXENAGUSIA | Pilotari ohia
Dakiten guztia jokatzen badute...
Finalerdietan bai Irujok bai Aimarrek jokatu zutena ikusita, biak maila hori emateko gai badira aspaldiko finalik orekatu eta ederrenetako bat ikus dezakegula ematen du. Argi dago bi pilotari hauek direla azken urteotako pilotaririk onenak, eta, itxuraz behintzat, biak sasoi puntu bikainean heltzen dira finalera, aspaldiko onenean esango nuke nik. Izan dituen arazoekin, txapelketan zehar Aimar Olaizola beldur pixka batekin ikusi dut, baina Oinatzen kontra jokatzen ikusi eta gero, ez dago ez inolako beldurrik. Atsedenaldia primeran etorri zaiola esango nuke; bai botera eta baita sotamanoz ere pilota aspaldian ez bezala luzatzen ikusi nuen.
Biak ondo daude, Irujo ere jokoz fresko ikusi baitut txapelketa guztian zehar. Hortaz, finala oso orekatua izango dela esan daiteke; biek dakiten guztia jokatzen badute, final handi baten atarian gaude. Baina final bat da, eta, gainera, buruz burukoa, eta sekula ez da erraza horrelako egun batean barruan daukazun guztia ematea. Halako lehiatan beti gertatzen da batek ohikoa baino maila apur bat txikiagoa ematen duenean, besteak benetan jokatu duena baina askoz gehiago jokatu duela ematen duela. Hori bai, abiadura eta erritmo biziko partida bat espero behar dugulakoan nago. Aimarrek lehen atzera ematen zuen pausua orain aurrera ematen du, Irujo ere erasora irtengo da, eta, alde horretatik, eta izango den giroarekin, partida ikusgarri baten atarian gaude.