GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

BERRIA | Idurre Eskisabel 2012/6/21

Daitort

Tabernako iraultzaileen espeziekoak ez ezik -daitort, halakoekin nahasteko joera daukat-, era askotako lagunak sumatu ditut azkenaldion Greziako hauteskundeekin kezkatuta. Baita hitzetik hortzera apolitikoak direla azpimarratzen dutenak ere. Badakizue, hedabide «neutralekin» informatu eta politikari «guztiekin» nazka-nazka eginda dauden arren, o, sorpresa, hauteslekuetara deitzen gaituzten bakoitzero zintzo-zintzo botoa ematera joaten diren espezie sarrikoak. Azken tropel horretakoak lasaituta sentitu nituen igande gauean, «seguruago» greziarren erabaki «zentzudunarekin», beren ondasunak bezala. Gutxi iraun zien arnasaldiak: astelehen buruzuri berean jo zuen berriro erasora merkatuak, herensuge asekaitzak.

Oso bestela dabiltza tabernako iraultzaileak -daitort, neu ere horietakoa naiz-: ostatuetako solasaldietan ez ezik, sare sozialetakoetan ere samin eta lanturu, greziarrek galdutako aukeraren penetan. Baina emakume izateak aurrez aurre duzunaren aitortzarako joera sustatzen duenez, sekretu askoren jabe egin naiz tabernako zokorik ilunenetan, eta lagun iraultzaileetako askok, askok, aitortu didate lasaixeago hartu zutela arnasa igande gauean: «seguruxeago» sentitu ei ziren, beren ondasunak bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo