KAZETA.INFO | Bixente Vrignon 2012/6/21
Zuzen
(...) Hauteskunde bakoitxak badu bere egia, eta aukera hori ez da betirako baztertu behar, bainan gaurregun den errealitate ukaezina hor da : ezker abertzaleak sekulan baino pizu handiago bat badu Iparraldeko bizi politikoan.
Ez du bere itxura sobera eder ikusi behar ere : urrun gelditzen da, biziki urrun bigarren indar politikotik: 11.409 boz duelarik EH Bai-k hautsi duen marka berri bat bezala, UMP kenka txarrean dago 38.861 bozekin, hiru aldiz gehiago ! Bainan hautatu izan den bidea eta estrategia onak ziren, lortuak izan diren emaitzak, ixilarazi beharko lukete barneko disensioak, pentsatzekoa da.
(...) Beste ikasgai bat hor dago : Iparraldeko eskuinaren etsimendua. Ez bozetan, UMP jadanik hein beheragoetan izan da, bainan sekulan ez hainbeste, gehitzen baldin bada UMP + zentroa + eskuin muturra.
(...) Bestalde ez da pentsatzen ahal betirako desagertua dela zentro eskuina, eta argi da Iparraldean bederen, jadanik hautatu dutela UMP-ko partaideen gelditzea. EAJ-k bere alde, mantentzen du bere estrategi eta parioa: errekuperatzea zentrista horiek abertzaleen alde, nahiz eta alderdiaren ikurra ezabatu behar den xede honen lortzeko, "euskal zentristak" marka berria adibidez hautatzeko. Ez dute galdu pario hori, bainan ez dute ere irabazi, ez eta urrundik ere.
Abertzaleen marka lortua izan da, bestalde, ez kanpaina bikaina batengatik, baizik eta urte guziko lanarengatik. Desafio inportante bat izanen dute heldu diren 18 hilabeteetan: deszentralizazioa. Kanpainaren zehar, hautagai guziek azpimarratu dute lurraldetasunaren premia, eta Hautetsien Kontseiluko lan ikaragarria. Bozak bukatu aintzin, jadanik entzuten ziren komentarioak: "bikaina da, bainan goizegi da, Parisen ez dute ulertuko".
Desafioa dute orain indar harremana eraikitzea deszentralizazio legean Iparraldea ahantzia izan ez dadila. Hortan neurtuko da ere norat arte fidatzen ahal den luzatuak ziren eskuetaz kanpaina denboran, neurtuko da ere ezkerreko abertzaleen ahala barne kohesioa mantentzeko. Eta beren gehiengoak hautatu duen bidea aintzina segitzeko.
Zuzen.