GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Iker Bizkarguenaga | Kazetaria

Garai berrietara egokitzen

Hilaren 9ko GAUR8 aldizkarian, Eneko Bidegain, kazetaritzan adituak, teknologia berrien garapenaz eta, haren eskutik, kazetariok garai berrietara egokitzeko egin beharreko lanaz hitz egin zuen. Eta besteren artean, aipatzen zuen gaur egun ez duela zentzurik kazetariak «notaritza lanak» egitera prentsaurrekoetara joateak. Erabat ados nago horrekin.

Izan ere, oraindik orain gertatzen diren zenbait gauzek harreman handiagoa dute surrealismoarekin komunikazioarekin baino. Adibide bat jartzearren: behin prentsaurreko batera joan eta laster ohartu nintzen ni nintzela bertan zegoen kazetari bakarra. Antolatzaileek ordu laurden itxarotea erabaki zuten, ea beste norbait azaltzen ote zen. Bitartean, euren artean berbetan ari zirela, batek zera esan zuen: «Beno, GARAkoa behintzat etorri da». «¡Qué menos!», erantzun zuen besteak. Hogei minutu pasa, eta ez zen beste inor agertu. Prentsaurrekoa hasi zen. Hiru folio irakurri zituen batek euskaraz, gauza bera esaten zuten beste hiru folio irakurri zituen beste batek, gazteleraz. Ordubete luze geroago erredakziora itzuli nintzenean, emailean banituen jada prentsaurrean irakurritako testuak. Eta, nik bezala, prentsaurrekora joan ez ziren beste kazetariek. Hurrengo agerraldia kazetaririk gabe egingo zutela erabaki nuen.

Halakoak oraindik askotan gertatzen dira, eta irudipena daukat kazetariok garai berrietara egokitzeko lan handia egin behar dugun bezala, beste askok duten lana ere ez dela makala.

Beste adibide bat: mobilizazio edo herri ekimen askoren «arrakasta» edo «porrota» hurrengo egunean egunkarian duen islaren arabera neurtzen da. Berdin dio auzoan edo herrian kristoren lana egin izana, eta mobilizazio horretan jende pila biltzea. Ez bada paperean azaltzen, hor dugu haserrea. Eta, noski, Euskal Herrian astebururo hamaika elkarretaratze, manifa, eta abar egiten direnez -zorionez!!-, ezinezkoa da denek egunkarian lekua izatea. Beraz, ezin ekidin daiteke asteroko haserre eta frustrazioa. Aldiz, berdin dio 40 eragilek deitutako elkarretaratzean 25 pertsona biltzea. Argazkia egunkarian azaltzen bada, deitzaileak pozik egongo dira. Tristea...

Egia da oro har kazetaritza munduak atzerapenaz heldu diola garai berrien erronkari. Baina esango nuke berriak sortzen dituzten «munduek» ere egutegiari astindu bat eman beharko diotela noizbait.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo