GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Inazio MURUA

Banderak eta historia

Lehengo egunetik, Donostiako udaletxearen aurrealdean hiriko bandera baino ez dago ikusgai. Odon Elorzak alkatetza utzi baino pixka bat lehenago eraikinaren goienean jarri zuen piperpotoa, gainontzeko guztiekin, lurraren mailan dago, txakurren pixaren irismenean (Donostiako txakurrak ondo heziak omen dira). Izan ere, kolore bikoa hara igoz geroztik, Odon ez zen gehiago hartaz arduratu eta denbora joan ahala kresalak higatu eta kolorgetu egin zuen, haizeak tarratatatu.

Duela hiru urte Espainiako Armadak Gorbeiako gurutzean ipini zuen banderatzarra bertan utzi izan balu, denboraren joanak ez zuen margulduko, ez haizeak zarrastatuko. Arinagoa izango zen prozesua. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ordezkari espainiarrak, «mendizale» horiek aste honetan mendi berean errepikatu duten balentriaren aurkako kexuen aurrean, esan zuen Espainiako Armada Euskal Herriaren «ondare» dela oso aspalditik, «no tanto como el euskera pero antes que el Athletic». Hala da. Inork ez zion deitu, baina hemen da. Ez da arraroa Urquijok Euskal Herriaren historiaz hainbeste jakitea, Jaime Ignacio del Burgo bere alderdikide izanda. Oraindik orain «Historia de Navarra» argitaratu du Del Burgok, «El Mundo» egunkariaren arabera, «un libro sobre la historia real de navarra».

Xabier Silveirak «A las ocho en el Bule» bere lehen liburuaren azal-hegalean bere buruaren aurkezpena egin zuen, honakoa idatzita: «Decía de mí el `pensador' y diputado por UPN [gaur egun PPn dago] Jaime Ignacio del Burgo que: `es un individuo descerebrado, zafio, ignorante y blasfemo, además de filoterrorista, que dice llamarse Xabier Silveira. (...) Colabora con cierta asiduidad en el diario GARA y confiesa ser bertsolari (...) Tiene toda la pinta de ser un maketo converso. El apellido Silveira delata el origen galaico o portugués de sus ancestros. (...)'», eta dotorezia handiz amaitzen du Xabierrek: «Ba hori naiz ni, ese soy yo: Xabier Silveira». Silveiraren aurkezpen horrek, ordea, hobeto ezagutarazten ditu Jaime Ignacio Del Burgo eta haren zorroztasuna, paper pedrojotzaileak zioenez, «una fabulosa obra, fruto de muchos años de investigación y análisis riguroso» idatzi berri duena.

Eta zertaz ari nintzen ahaztuta, hona Sarrionandiaren bertsook: «...eta finean, Euskal Herria/ (...) bene-benetako herria dadinean/ asmaketa ahaztuko dugu./ Estatu tekniko bat utzi eta ikurrinak/ sukaldeko trapu bihurtuko ditugu,/ euskal herriak izatearenekin batera/ ez izatearen abantailak izan ditzan».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo