GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

J. Ortuñez | Errepresaliatua

Urratsez urrats, amnistia lortzeko bidean

Sufrikarioa eta heriotza espetxeetan zehar sakabanatu duen gatazkaren ondorio izanik, nola ez luke Kolektiboak mina zer den ulertuko?

Hilabete honetako gertakariei -bereziki Frantziakoei- erreparatzen diedanean, egoera aldatu ez eta are okerrera egin duela iruditzen zait. Hauteskundeen aurretik ugariak ziren «hurbilketaren» aldeko ahotsak, baina errealitatea ezberdina da: sakabanaketa sakondu baino ez, alegia (Villefranche, Seysses...). Hauteskundeen ostean, Barne ministroaren ahotik entzun ditut PSFko Gobernuaren asmoak: espainolekin eskuz esku, helburua ETA disolbatu dela argudiatuz, espetxe politika mantendu. Esan eta egin. Bitartean espainolak, Barcina gisako jauntxoek historia ohiko gezurretan ito nahi ez ezik, urratsak eman ditu damutze politikan, ez irteera kolektibo ez amnistiarik ez dela egongo azalduz eta presoak engainatuak direla dioen ideia errepikatuz. Preso, senide eta gertukoak etsitzea helburu, noski.

Horren aurrean, ugari eta ozenak izaten ari dira azken boladan Euskal Preso Politikoen Kolektiboak plazaratu ekimen eta mezuak. Bere mintzakidetza ezagutzera eman ostean, udazkenaz geroztik buruturiko eztabaidaren ondorioen berri eman zuen EPPK-k iragan 2an. Ondoren, aipatu mintzakideekin batera Kolektiboaren Zuzendaritza osatzen dutenen zerrenda ere plazaratu du. Jarduera baikor eta guztiz berritsua, beraz, Kolektiboarena. Estatuenarekin zerikusirik gabea.

Gernikako ekitaldiaren bidez, EPPK-k bere posizioa arras finkatua adierazi zuen. Garatu eztabaidaren ondorioak plazaratu zain, edozein motako presio eta xantaia politikoa erabat baztertu eta urratsak emateko prestasun osoa erakutsi zuen berriro Kolektiboak. Horretaz gain, salbuespen neurriak bertan behera uzteko eta baldintza demokratikoetan presoak kaleratzen hasteko eskatu zien gobernuei. Halaber, euskal jendarteari entzun eta neurri zehatzak hartzeko deia egin zien EPPK-k. ETArekin elkarrizketak abiatzeko deia, hain zuzen.

Aipatua ez da, baina, adierazpenari antzeman diodan garrantzi bakarra. Gatazkak eraginiko mina erantzukizunez onartu du Kolektiboak. Sufrikarioa eta heriotza espetxeetara eraman eta horietan zehar sakabanatu duen gatazkaren ondorio izanik, nola ez luke Kolektiboak mina zer den ulertuko? Gai horren inguruko irakurketa interesatuak agerian jarri behar ziren eta benetako elkarbizitzarako baldintzak argitu: Egia, Justizia eta Oroimena. Horixe egin du EPPK-k. Aldiz, gatazkaren izaera politikoa desitxuratu asmoz, zilegitasunik gabeko erregionalistak testimonialismora mugatu dira. Horra, burura datorkit «Memoria eta Elkarbizitzarako Fundazioa» CAV-en: Barne Ministerioari atxikia egon ez ezik, Estatuko agintari gorenak ere biltzen ditu bere goi-mailako postuetan. Bitxia!

Horiek ez, baina (hainbat tokitan entzun-irakurri dudanaren kontra) Kolektiboa bai mugitu da. Zeharo, gainera. Orain arte asko mintzo ziren presoez; bada, aurrerantzean inoiz ez bezalako subjektu politiko deritzot EPPKri: bere burua estrategia berrituan kokatuz, bere gorputza antolatuz, jarduera armatua amaitzeko ETAren erabakiari bere begirunea azalduz, gatazkak eragindako mina onartuz eta urrats erabakigarriak emateko prestasuna agertuz. Bistan dago damutze politikarako saioak indargabetu dituela, hartu beharreko bide duina zein den argi eta garbi esanez, hots, Amnistia-Autodeterminazioarena.

Egoera politikoaren argitan, bestalde, bere barru zein kanpoko antolaketa berregokitu du Kolektiboak. Barrukoa ezagutzen dut jada; kanpokoak ez luke berandutu behar. Dena prest dauka urrats berriak emateko. Ezker abertzale osoaren estrategiarekin bat eginez, ondo daki zer egin, horren truke ezer emango ote dioten zain egon gabe. Baina balizko urratsek itsukeria politikoaren harresiarekin egingo lukete topo eta horregatik salbuespen egoera zein neurriak altxatu egin behar dira. Berandu gabe. Preso guztiak kaleratu artean ezinbesteko urratsa delako. Era dinamikoz preso guztiak kaleratzea eta aurrerantzean preso gehiagorik ez izatea bermatuko duen Autodeterminazioa baita benetako marko demokratikoaren oinarri. Hortxe kokatzen dut nik Amnistia. Hau ere lortuko dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo