KRONIKA | GETXO BLUES
Dr. Feelgooden martxa oinetan, Lee Brilleaux gogoan
Azken orduko aldaketak Dana Fuchsen ordez Dr. Feelgood ekarri zuen Getxora. Jada ez da jatorrizko kiderik taldean... eta zaleek badakite; berdin gozatzen dira beti-betiko kantuak.
Anartz BILBAO
Elvin Bishopen sarrera atseginaren ostean -kontzertua 20.00etan hasi zen, bukatzerako metroa oraindik martxan izan zedin seguruenera-, atzo parranda giroa nagusitu zen Getxo Blues jaialdian, jada ordutegi «ilunagoarekin», 21.00ak inguruan, Dr. Feelgood taldea izan baikenuen ikusmiran... eta entzungai.
Blues zale garbiek akaso penaz hartuko zuten ordezkapena, Dana Fuchs egungo bluesean nabarmendu eta zeresana ematen dabilen ahots gaztea delako, baina eskarmentuzko rockzaleak pozik ziren, Dr. Feelgood talde maitatua baita gurean.
Britainia Handian 1971n sortutako pub rock taldeak Lee Brilleaux (ahotsa) eta Wilko Johnson (gitarra) zituen buru, eta, sekzio erritmikoan, aurreko biak laguntzen, John Sparks Sparko baxuan eta John Martin The Big Figure baterian. Azken bien pista aspaldidanik galdua, Wilkok bakarkako ibilbide oparoa jorratu du, eta Lee Brilleaux, musikari berrien laguntzaz taldea aurrera atera zuena, 1994an hil zen, minbiziak jota. Beraz, Feelgood doktorea ondo sentitzen bada, ez da pilula magikoz gaztetu delako, kide berriak dituelako baino. Nortzuk? Brilleauxen azken txanpan, 1983tik 1994ra bitarte, taldekide izan zituen Steve Walwyn (Wilkok utziz geroztik taldeko laugarren gitarra jotzailea, 1989an talderatua), Kevin Morris (bateria) eta Phil Mitchell (baxua); gehi Brilleauxen ordezko Peter Gagen partez 1999an talderatu zen Robert Kane.
Laukoteak «Everything Who got the Hoch» eta «Tell me no Lies» kantuekin abiatu zuen zuzenekoa, karpapea eguenean baino beteago zela, parranda gosez. Entzuleria, Bishopena baino gaztetxoagoa, eta, batez ere, «lizunagoa». Aipatu beharra dago jaigunean zurruta baimentzeak on egiten diola jaialdiari. Koka gaitezen: plazan karpape batean kokatzen da oholtza, eta, parez pare, harmailak atzeko aldean eta hutsunea aurrean, dantzazaleentzako. Edana, inguruko tabernetan erosten da, Getxo Bluesek sartu-irtena erraztu eta karpapean erre zein edatea baimentzen baitu -zenbakidun tiketa jaso behar da plazatik irteteko, eta bueltatzean itzuli; hara zein erraza!-.
Doinu klasikoak belarrietan eta Wilko zoroa zein, batez ere, Brilleaux gogoan, bagenuen tentaldia erromeria alai batean geundela idazteko; zale batek baino gehiagok ohartu gintuen arte, ostera gaztaro garaietara bidaia paregabean ginela... ez da gutxi! Akaso horregatik, sekulako txalo zaparradak eta uluak izan zituen laukoteak rockzaleen aldetik.
«Roxette» eta «She does it Right» entzun, eta bizkortzen hasi da kontua. Kantuek dute hemen garrantzia, musikariez harago. Gainera, laukotea gogo biziz ari da, Walwyn batez ere, gartsu gitarran, belaunikatzeraino. Zaleen gustukoa izan da bere lana, ez horrenbeste iristen azkena izan den abeslariarena. Bukaerara arte erantzi ez duen jaka dotorea darama, dotoreziaz erakutsi digun forru gorrimin eta guzti, baina ez da ahotsez nabarmentzeko gai, eta ekidinezinak dira Brilleauxekiko alderatzeak.
Ordu eta erdiko lanean, erdialdera «Milk and Alcohol» eta «Back in the Night» eman dituzte, eta, bukaera aldera, «Riot in cell Block no. 9» eta «Down at the Doctor´s». Bisetarako «Tequila!» utzi dute. Gehienetarako zaleen parte hartzea eskatu dute, baita entzuleria kantuan jartzea lortu ere. Kantu mitikoak izatearen abantaila.