EH JAIETAN
Gau magikoaren suak piztu ditu mitoak eta abiarazi du udagoiena
Gau magikoetan magikoena da San Joan gaua. Herri eta hiri bakoitzak bere sua piztu zuen atzo Euskal Herrian, inguruan salto eta dantza eginez batetik, udarari ongietorria emateko, eta, bestetik, mamu txarrak uxatzeko. Ohitura horren atzean hain zuzen euskal mitologiak kondaira eta bitxikeria ugari ezkutatzen ditu, eta horiek guztiak ondo baino hobeto kontatu ditu Joseba Aurkenerenak Kazeta.info atarian idatzitako artikulu batean. Hona hemen laburpen txiki bat.
GARA |
Xarma berezia du, jende andanaren arreta bereganatzeko boterea. Ordu gutxi batzuk besterik ez ditu irauten, eta urtean behin gertatzen da, baina San Joan gaua maitatua da oso. Magia? Sorginkeria? Mitoa? Galdera horiei guztiei bakoitzak emango dio egokien irizten duen erantzuna, baina arrazoi batengatik edo besteagatik, zaila da Euskal Herriko herri eta hirietan atzo piztu ziren suetara gerturatzeko tentazioa saihestea.
Sua, eguzkia, urtaroak... udarako solstizioaren atzean euskal mitologiak hamaika kondaira ditu sustraituta eta zoritxarrez horietako asko eta asko ezezagunak dira euskaldunon gehiengoarentzat. Hain zuzen, horiei buruz mintzatu da Joseba Aurkenerena idazlea Kazeta.info atarian orain egun gutxi argitaratu zuen «Jondoni Joane sugeak eta apoak erre!» artikulu zoragarrian.
Aipaturiko testuan azaltzen du arbaso zaharren kosmogonian -unibertsoaren eta planeta, izar eta abarren sorrera aztertzen duen zientzia- urtea bitan banatzen zutela. Alde batetik uda, eta, bestetik, negua, bien banatzaileak solstizioak eta ekinozioak izanik.
Aspaldiko garai haietan, udara hiru zatitan banatzen zuten: udaberria (martxoaren 21etik ekainaren 21era), udagoiena (ekainaren 22tik irailaren 21era) eta udazkena (irailaren 22tik abenduaren 21era). Azken hori amaitzean, negua zen berriro.
Ekainaren 23an, alegia, atzo, San Joan gaua ospatu zen, urteko gaurik luzeena eta magikoena. Europako tradizio zaharraren arabera udako solstizioa orduan ospatzen da, nahiz eta berez, 21etik 22rako gauean ematen den. «San Joanetan edo Jondoni Joanetan -dio artikuluan-, eguzkiak ortziko edo zeruko goia jotzen omen du, edo beste modu batean esanda, euskaldunontzat bizitzaren jainkosa den Ekik osotasuna sinbolizatzen duen Ortzi dibinitatearen teilatu gaina ukitzen du».
Oinarrizko lau elementuak, hau da, ura, lurra, sua eta ura presente daude arbasoen sinbologian, bereziki sua eta ura. Autoreak azaltzen duenez, lau elementu horiez baliatzen ziren solstizio eta ekinozioetan, sasoi batetik bestera aldatzean. Atzo, hain zuzen ere, jende askok salto egin zuen su biziaren gainetik, baita paper batean idatzitako desioa sutara bota ere, posible den bezain pronto beteko den esperantzarekin. Sua, kondaira edo tradizioaren arabera, purifikatzailea da eta mamu txarrak uxatzen ditu. Hala dio behintzat sinesmen zabalduenak.
Udagoienaren hasiera irudikatzeko erabiltzeaz gain, neguan abenduan ere sua erabiltzen da gurean hain maitea den ikazkina agurtzeko. «Ez dezagun ahantz, negua Olentzeroren inguruan, hau da, neguko solstizioaren inguruan, Olentzero enborra piztuz hasten zela Euskal Herriko bazter aunitzetan», gogorarazten du idazle donostiarrak.
Eta azken aholku bat ematen du artikuluan. Aurten egin ez dutenek aintzat har dezatela: jarri lizar adartxoa ate nagusiaren alde bitan, «euskaldunon zuhaitz magikoak» bertakoak babes ditzan.