GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz | www.elomendia.com

Iruñea, desfaseen hiriburua?

Askatasun zabalak saltzen dira, promozio gisa, baina oso ezberdina da bestari bestelako ukitua eman nahi diotenen aurreko jarrera. Ikurrinari dagokionez, kasu! Arrisku handiko kirola da txupinazora eramaten saiatzea

Bitxia da Iruñeko San Fermin jaiez jende askok daukan irudia. Laburbilduta, neurririk gabeko desfasea. Horixe da lau haizetara zabaltzen dena, agintarien babesaz, gainera. Munduko hainbat bazterretan, esaterako, Nabarreriako iturritik bere burua jaurtitzen duen edozein ergelek ordezkatzen ditu Iruñeko bestak. Ederki gaude! Izan ere, desfasatzea, batzuendako, ondokoak aintzat ez hartzea da. Adibidez, emakumeen eskubideak zanpatuz. Urtero ezagutzen dira gertaera larriak eta, zenbat dira argitaratzen ez direnak, hainbat esparrutan gelditzen direnak? Garrantzirik gabekoak, batzuen ustez, serio hartu beharrekoak, beste batzuon iritziz.

Askatasun zabalak saltzen dira, promozio gisa, baina oso ezberdina da bestari bestelako ukitua eman nahi diotenen aurreko jarrera. Ikurrinari dagokionez, kasu! Arrisku handiko kirola da txupinazora eramaten saiatzea. Ustezko desfasearen azpitik arau estuak daude, horiek aintzat ez hartzea oso arriskutsua bilakatzen ahal delarik. Aurtengo sanferminetan ere atzemanen da agintarien zurikeria. Irudi bat eskaintzen diote munduari, negozio bila, eta beste bat irentsaraziko diote fosilizatutako bide ofizialetatik ibili nahi ez duenari. Hastapenetik jakinen dugu, ziurrenik, noraino iritsiko den aurtengo maltzurkeria. Gora Iruñea herri mugimenduari bestagunea ukatuz, ateak itxi ditu berriz ere, emandako hitza zertan hartu behar den argituz. Maiak ez omen zuen Barcina izan nahi, baina Barcinaren bide bera hartu duela dirudi.

Bestalde, zurikeria muturrera eramateko, Riau-riau ekitaldia berreskuratu nahi dute, ozenki, gainera. Azalpen gisa aipatu dute giroa lasaitu dela, giroa ozpintzeko hartu dituzten neurriak bizkor ahantzi dituztelarik. Jendea haserretu nahi baldin bazuten, erabaki egokienak hartu dituzte. Krisialdiak eta murrizketek ekarri dute, jada, tenperatura igoera. Hondarreko erabakiek areagotu dute joera. Begi bistakoa da batzuendako ez dagoela aro berririk. Betikoa errepikatzea da haien bestatarako plana! Hori bai desfasea, agintariena! Jendearekiko desfasea, hondora eramaten ari diren jendartearekiko desfasea!

Batzuen eta besteen desfaseen gainetik, aspaldi ikasia dugu besta ederki ospatzeko formula. Jakin badakigu probokazioa eta errepresioa direla beraien tresna bakarrak. Atzeman dugu, halaber, beldurtuta hartzen dituztela erabakiak, jendartean sumatzen duten olatua geldiarazi nahi baina ezinik! 1512ko konkistaren oroitzapenaren auzian ikusi dugunez, lehia handi eta sakona da. Navarra foral eta españolak arriskuan sentitzen du nagusitasuna. Atzeraka doaz eta ez dira bide berrietatik ibiltzeko gai. Datorrena atzeratu nahi dute, munduaren mugimendua esku batez geldiarazi nahi duenaren moduan.

Bestek aukera polita eskaintzen digute alaitasuna eta bete gabeko eskakizunak orekatzeko. Herri bat eraikitzen ari gara eta besta giroan ere egiten da lan. Bestelako jendartea ahalbideragarria da, bestelako bestak ere bai: denon artean lortzea badugu. Falta direnak gogoan, malkotxoren batek ihes egiten digularik, aurten ere «Gora Iruñea» oihukatuko dugu, iritsi baitira, kantak dionez, munduan parerik ez duen hiriaren bestak!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo