«Barrura begiratzeko leihoak» dokumentalaren alde, adierazpen askatasunaren alde
Estatu espainolak ez du zentsore ofizialik; hala ere, bertako Gobernuak «Barrura begiratzeko leihoak» dokumentala jazarri eta zentsuratu nahi izan du. Ez da deserosoa zaion errealitate bat ezkutatzeko ahalegina egin duen lehen aldia; oraingoan herri honetan ezkutaezina den errealitatea ikus ez dadin saiatu da. Baina ez dago adierazpen askatasunaren aurkako erasoak zuri ditzakeen ez legerik ez hitz arranditsurik. Ez dute sormen lan horren egia ezabatzerik lortu; aitzitik, ikusmin handiagoa eragin dute, filmaren ekoizleak erakundeen laguntzari uko egin beharrean aurkitu badira ere. Hala ere, herritarren berehalako elkartasuna jaso dute. Baita hainbat sortzailerena ere. Atzo sormen lanari lotutako ehun lagunek filmaren aldeko manifestua aurkeztu zuten, film horren aldekoa eta larderiaren aurkakoa; adierazpen askatasunaren aldekoa, alegia. Beren testu ederrean diotenez, zentsura eta adierazpen askatasuna kontzeptu bateraezinak baitira. Tristea da zinez eskubideak bermatu behar lituzketenak eskubideak bortxatzen ikustea, baina pozgarria oso herritar askok eginbehar hori bere egitea, pozgarria sortzaileen atzoko erantzun beharrezko bezain txalogarria.