GARA > Idatzia > Kultura

Iruñeko Sanferminak | Irati JIMENEZ, Idazlea

Momentico

 

Zibilizazioz ia guztiz erantzitako jaitasun honek askotariko liturgiak ditu. Horietatik gehienak maite ditut eta askok liluratzen naute: bezperan hipermerkatuek hartzen duten gerra-aurreko itxurak, hiriaren sanferminalipsi itsuak, edo hamar egunetako uniforme zuri-gorriarekiko leialtasun itxiak. Baina gehien liluratzen nauena Sanferminetako minari egiten zaion aitortza da, jaiaren beteranoek santutasunez jantzitako deabruari dioten begiramena.

Iruñean naturaltasunez aitortzen da Sanferminak ez direla mundu guztiarentzat. Gustatuta ere, adarkadaz zauritu dezaketela triste, bakarrik, gainbehera edo ahul sentitzen den edonor. Pozik, lagunduta, gustura eta jaitasunez blai dagoenari ere, gibela erraz jartzen diote negarretan edo odoletan. Izenak dio: Sanferminak minak ere badira.

Hala behar dute izan.

Nola bestela?

6an txupina entzuten duena eta 15aren egun argiarekin etxera doana ez dira pertsona bera eta erokeria da izan behar edo ahal dutela pentsatzea. Lehenengoak, 6ko askariarekin 7ko goizaldera arte ezer jan gabe eutsiko duenak, ez daki bihar non egongo den; eta norekin esnatuko den edo ez den oheratuko; eta noraino desitxuratuko edo biziberrituko den; eta nondik, nola, noiz apurtuko den. Bigarrenak, Ibuprofenoa hartu eta ohera arrastaka doanak, eguneroko bizitzaren egitura guztiak garagardoaren aparretan erortzen ikusi ditu, eta ez daki atzo nor izan zen. Hamar eguneko erabateko desoroimen, desegitura eta deskontzientzia horretan halabeharrez behar du norberak desegin, hondoa jo, galdu arrail sentitu. Deabruari zein jainko bikingoei egiten zaien omenaldi ero honetatik ezin da inor bizirik atera, behin behintzat hil gabe. Valhallara sartzeko heroiari ezpata eskuan hiltzea eskatzen zitzaion bezala, botila ondoan aukeratzen dute askok Iruñean.

Ezpata edo botila, nahi dena.

Baina hil egin behar du norberak. Filmetan bezala, heroiak bere herioaren itzala sentitu behar du, egunsentia baino lehen. Unetxo ilunari, sanferminetako momenticoari ez zaio beldurrik izan behar.

Hilko gaitu jai honek. Eta?

Biziko gaitu berriz. Altxatuko gara. Edo altxatuko gaituzte, botila eskuan, maite ditugunen besoek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo