Zinez: «Hitz bat kaiolatuz gero, denak kaiola daitezke »
Zentsura eta adierazpen askatasuna aurkako kontzeptuak dira. Ezin dira elkarren aldamenean bizi. Adierazpen askatasuna amiltzen den unean gertatzen da zentsura, eta alderantziz, zentsura desagertzen denean suertatzen da adierazpen askatasuna.
Adierazpen askatasuna ez da inoren apeta, ez da kapritxoa. Adierazpen askatasunak ez dio honi beste hari baino mesede handiagorik egiten, gizarte osoa da eskubide honi esker aberasten dena. Izan ere, adierazpen askatasuna da ideien eta egiaren aldeko borroka betierekoan aurrera egiteko modu bakarra. Ideiak joan-etorrian dabiltzan neurrian sortzen dira aldaketak, eta hauek hil ala biziko tresna bilakatzen dira progresoa esaten dugun horretan. Baina horretarako ideiak berdintasunean lehiatu behar dira, gerora gizarteak berak ideia horien artean egokienak zeintzuk diren hauta dezan, askatasunean eta heldutasunean. Askatasunik gabe ez dago progresorik.
Adierazpen askatasuna ez dugu geuk asmatu. Geure aurretik, gizartea sekretismotik, ezjakintasunetik, iluntasunetik eta despotismotik ateratzeko premia bizia ikusi zuten beste batzuek, eta haiek jarri zuten gerora eskubide unibertsal bilakatuko zenaren lehen hazia. Mendeetan eta mendeetan izan zuen botereak adierazpen ororen monopolioa, oroit gaitezen Erdi Aroko errege eta inkisidoreez, eta oroit gaitezen, nola ez, XX. mendeko diktadoreez. Askatasunaren konkistak beti dakar berarekin adierazpen askatasunaren konkista. Bata bestearen arrazoi eta ondorio dira.
Zientziak, medikuntzak, literaturak, arteak... horiek denek aurrera egin badute, adierazpen askatasunaren gerizpean egin dute. Eta honen gerizpean segi beharko dute, aurrera egin nahi badute.
Ezin da hitzarentzat kaiolarik izan. Zeren eta hitz bat kabitzen den kaiolan beti kabituko baitira bi, eta bi hitz kabitzen diren tokian, beti izango da hirurentzat adina leku. Hitz bat kaiolatuz gero, denak kaiola daitezke.
Erregimen autoritarioetan gertatzen den fenomenoa da zentsurarena, herrialde demokratikoetan eta herri libreetan tokirik ez daukana. Beti da albiste txarra, beraz, zentsuraz jardutea. Baina oraingo honetan horretaz jardutea dagokigu, ez geure gustuz, geure betebeharrez baizik.
Hau guztiagatik, manifestu hau sinatzen dugun guztiok, kartsuki salatu nahi dugu «Barrura begiratzeko leihoak» dokumentalak pairatu dituen setioa, jazarpena eta zentsura. Ezin dugu onartu, ezeren eta inoren izenean, sortzaileon lana politizatzea eta lokatz politikoan sartzea.
Nork bere egiak, ideiak eta utopiak defendatzen ditu. «Barrura begiratzeko leihoak» dokumentaleko egileek ere, honenbestez, eskubide osoa daukate mehatxurik, presiorik eta irainik gabe eurenak defendatzeko. Nork bere ideiak defendatu ahal izatea, horixe baita, eta ez beste ezer, askatasunean bizitzea.
Zinez, 2012ko uztailaren 6an