GARA > Idatzia > Kultura

udate | iruñeko sanferminak

Familia ohiturak mantentzeko asmoz, Eskoziatik Nabarreriako iturrira

Txupinazoa lehertu bezain laster, Udaletxe Plazan zegoen jendetza Iruñeko kaleetan barrena sakabanatu zen atzokoan. Eta beste behin ere, Nabarreriako iturriaren inguruak jendez lepo bete ziren. Bertan, urteroko jauziek bereganatu zuten protagonismoa.

p062_f01_100x100.jpg

p062_f02_100x100.jpg

p062_f03_100x100.jpg

p062_f05_100x100.jpg

Aitor AGIRREZABAL

San Fermin jaietako egitarauak ekitaldi ugari biltzen ditu bederatzi eguneko zorabioan, baina, hala ere, izan badira Iruñeko jaietara Nabarreriako iturria buruan besterik ez dutela heltzen direnak. Horietako bat da Tommy Hudson eskoziarra: txupinazoa entzun bezain laster, Nabarreriarainoko bidea egin zuen jada kamiseta zuria gorri-gorri zuela.

Txiki gelditu ziren Alde Zaharreko kaleak beste behin ere, eta horren irudi izan zen urtero atzerritar pila hartzen dituen Nabarreriako iturria ere. Tommy Hudson gazte eskoziarra izan zen jauzi egiten lehena. Oso argi zeukan egin beharrekoa. «Hiru anaietan txikiena naiz, eta, aurreko urteetan, beste biak hemen izan dira. Ni ezin naiz salto egin gabe geratu», azaldu zuen behin lur hartuta. Eskoziar soinekoa jantzita zuela, ez zuen bitan pentsatu. «Iruñera etortzea erabaki genuenetik argi neukan salto eginen nuela. Hemendik aurrera... nork daki?», azaldu zuen jada garagardoa eskuan.

Denek ez zuten salto egin

Behin Hudsonek iturria libre utzita, Australia eta AEBetatik iritsitako gazteen unea heldu zen. Lagunek Matt McGee australiarrari osatutako sarea ez zen ez batere egonkorra, eta, hala, eguneko lehen sustoa iritsi zen. «Ongi nago, ongi nago», esateko gauza besterik ez zen McGee lagunek lurretik altxatzeko laguntza ematen zioten bitartean. Hori bai, McGeek ez zituen behean bakarrik izan arazoak. Hartutako alkohol kantitateak bere eragina izan zuen gorako bidean zela ere: hainbat herrikideren laguntza behar-beharrezkoa izan zuen gazte australiarrak iturriaren punta harrapatu ahal izateko.

Ohi bezala, salto egiteko baino jende gehiago zegoen atzokoan erorketak ikusteko zain. Eguerdiko beroari aurre egiteko auzokideek inguruko balkoietatik ura botatzen zuten bitartean, festazaleek lehen poteak hartu zituzten. Kanpotar denak iturritik salto egitera etorri ez direla ere argi geratu zen. Damian Chulapud kolonbiarra da horren adibide. Lehenbizikoz dago Iruñean, eta urtetan zehar telebista bidez kanpotarren jauziak ikusi arren, oso argi zeukan hori ez zela bere tokia: «Ondo nago hemen behean. 18 orduko bidaiaren ostean ez daukat ordubete barru ospitalean egoteko batere gogorik!», bota zuen.

Saltoen aurkako kanpaina

Iruñeko Udalak, aurten ere, saltoak eragozteko kanpaina bat antolatu du. Hala ere, beste behin, emaitzarik gabe. Ekitaldi hau ohituratzat dutenen artean guztiz ezinezkoa da jada saltoak debekatzea. Behin da berriz telebistaz festazaleak iturritik salto egiten ikusi ostean, ez dago ez salto egiteko ideia burutik kenduko dienik.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo