GARA > Idatzia > Kultura

udate | Pasai Antxoko sanferminak

Parte hartzea xede, abian dira jada Pasai Antxoko San Fermin jaiak

GARA | PASAIA

Pasai San Pedroko jaien lekukoa hartuta hasi ziren ekainaren 30ean Pasai Antxoko sanferminak eta bihar arte iraungo dute. Hartara, gaurko programari erreparatuz, 13.00etan Jota emanaldia izango da Axularren, Milagroko Udal Jota Eskolaren eskutik. Ordu berean, buruhandiak eta erraldoiak barrutiko kaleetan zehar ibiliko dira Itsas Mendiko Txistulari Taldeko kideekin.

Bestalde, 18.00etan eta parte hartzea sustatzeko helburuarekin, aurrenekoz ospatuko da Koadrillen Arteko Herri Kirol Txapelketa Zumardian. Juanra Cano Antxoko Jai Batzordeko lehendakariak GARAri egindako adierazpenetan azaldu duenez, «aurreko urteetan profesionalen herri kirol erakustaldiak egiten ziren. Aurten, aldiz, egoera ekonomikoa zein den kontuan izanda eta parte hartzea sustatzeko asmoarekin, hamabi kideko sei koadrillek hartuko dute parte, bakoitza seina neska-mutilez osatua».

Ordu erdi eskas geroago, 18.30ean, haurren danborrada irtengo da Luzuriagatik, Pasai Txarangarekin batera. Iluntzean, 20.00etatik 22.00etara, Zaragozako Atenas orkestrarekin kontzertua izango da Zumardian. Gaztetxean, aldiz, kontzertu alternatiboa ospatuko da, 23.00etan.

Biharko egitaraua

Bihar, 14.00etan, herria mugiarazteko eta jendea inplikatzeko xedearekin, aurrenekoz ospatuko da paella-jana herrikoia Biterin. «Aurrenekoz ospatuko dugu, parte hartzea sustatzea helburu hartuta. Ikastolako guraso taldea eta herriko elkarte desberdinak ibili dira buru belarri antolaketa lanetan, eta 200 bat pertsona biltzea espero dugu», azaldu digu Canok.

Ondoren, 16.30ean, helduen danborradak bisita egingo die Antxoko Eguneko Zentroan eta Berrako egoitzan dauden aiton-amonei. 18.00etarako, aldiz, bi ekitaldi antolatu dituzte: Galiziako Etxean, emakumeentzako toka txapelketa, eta, Zumardian, Show Time taldearen eskutik dantza saio berezia.

Bestalde, 19.00etan bertso jaialdia izango da Azokan, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi, Arkaitz Estiballes eta Julio Soto bertsolariekin. Antxoko jaiak bukatzeko, 23.00etan, su-festa izango da, askotariko piroteknia erakustaldiarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo