GARA > Idatzia > Kultura

udate | Lesakako sanferminak

Onin errekaren bi aldeetan, zubi gainean dantzan ospatuko dute lesakarrek bestetako egun handia

Maider IANTZI | LESAKA

Hamaika talde eta 140 dantzari atera ziren atzo arratsaldean Lesakako frontoira urte osoan egindako lanaren erakustaldia egitera, 5 urteko haurretatik helduetara. Orotara 2.600 biztanle besterik ez dituen herri batentzat kopuru polita, bertako dantza zaletasunaren eta tradizioaren erakusgarri aparta. Tantirumairu Euskal Folklore Taldeko lagunek Euskal Herriko dantza bereziak, fandangoa, arin-arina, Gipuzkoako, Nafarroako eta Bizkaiko dantzak, haurrenak eta ezpata dantza eskaini zituzten ikusleen gozamenerako, trikitilari eta dultzaineroen musikaz lagunduta. Neska talde batek koreografia bat ere aurkeztu zuen.

Tantirumairuko dantzarietako batzuek zubigainekoa dantzatuko dute gaur; Martxel Rodriguezek lehendabiziko aldiz eginen du eta irrikatzen dago. «Entseatzen aritu gara eta eguna hurbiltzen ikustean ilusioa ere handituz joan da. Hemen ari gara eguraldiari begira, ea ona egiten duen», adierazi zigun. Kezkatzen duen gauza bakarra zubiaren petrilaren zabalera da, baina hor ere entseatu dute eta ongi atera da.

«Dantza gustatzea, zure herriko ohituretan parte hartu nahi izatea eta animoa», ez da bertzerik behar, 21 urteko mutil honen iritziz, zubigainekorako. 6 urtetatik Tantirumairu taldean dabilen dantzariak bestak primeran pasatzeko asmoa du: «Kalkuluak egiten ibili naiz eta ez dut otordu bat ere etxean eginen: dantzariekin, koadrillarekin, lagunekin... beti badut hitzorduren bat!».

Bakea oroitzen duen dantza

Gaizka Sarasolak txistua joko du, ez du dantzatuko aurten, baina bederatzi urtez ibili da Onin errekaren gainean, XV. mendean lesakarren artean lortu zen bakea oroitarazten duen dantza egiten. Kontatu zigunez, gehienez hamabost laguneko taldea osatzen dute; herriko gazteak sartzen joaten dira, urte batzuk egiten dituzte eta gero belaunaldi berriei uzten diete lekua.

Goizean abiatzen diren momentua, zubira gurutzeak egiten hurbiltzen direnekoa, petrilaren gainean dantzatzen duten unea, gosaria, bazkaria... Sarasolak ez luke une bakarra aukeratuko, beretzat egun osoa da hunkigarria. Txistua jotzeaz gain, txosnan lan eginen du gaur gauean, «pentsua ematen eta sosak biltzen». Eta bihar ere egun ederra pasatuko du lagunekin batera. Peñen Eguna da bihar eta goizean goizetik elkartuko dira koadrillak kolore guztietako atorrak jantzita besta egiteko. Aurtengo berrikuntzen artean, aldiz, aspaldi Txakain inguruan egiten zen eta berreskuratu egin nahi duten herri bazkaria aipatu zuen txistulariak.

OHITURA JARRAITUZ

Pasai Antxoko jaietan txupinazoa elizako kanpandorretik botatzeko ohitura dago. Azken 30 urteotan bezalaxe, Juanjo Bujanda Jai Batzordeko kidea izan zen festetako pregoilaria. «Oier Iribarren eskalatzaileak elizako hormatik gora suziria igo zuen, eta, ostean, Antxoko sanferminei hasiera eman zien Bujandak», azaldu digu Canok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo