GARA > Idatzia > Kultura

Udate

«Faborez 05+bat» disko berriak trikiti pieza zaharrak bildu ditu

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak pieza zaharren bilduma berri bat atera du, jada oholtza gainean ez dauden bikoteen musika dokumentatu asmoz. Aitziber Otegi elkarteko ordezkariak atzo azaldu zuenez, honakoa ateratzen duten seigarren bilduma da, eta, «Faborez 05+bat» izen berezia jarri badiote, gainerakoetatik guztiz desberdina delako izan da. Izan ere, orain artean musikari bikote gazteen lanak plazaratu badituzte ere, disko berria belaunaldi desberdinetako bikote beteranoei eskaini nahi izan diete.

«Oholtza gainetik kanpo daude gehienak, baina euren lanak bilduma honetan gordetzea erabaki dugu ez dutelako inoiz diskorik atera», azaldu zuen Otegik.

Diskoan lau bikotek hartu dute parte: Villabonako Astiaran anaiak, Sahatzeta eta Berastegi, Uitte eta Lutxurdio, eta, azkenik, Mentxu eta Gema. Bikote bakoitzak bost kantu grabatu ditu. Otegik eskerrak eman zizkien guztiei, musika alde batera izanda ere, lan handia egin baitute diskoa aurrera ateratzeko.

Aitonaren trikiti zaharra

Emakumez osatutako bikote bakarrak izan du lekua diskoan, Mentxu eta Gemak osatutakoak. Hain zuzen ere, diskoaren aurkezpenean izan ziren biak. Gaztetan dantza klasetan elkar ezagutu ostean, Oiartzuneko kanta zaharrak biltzen eta moldatzen hasi ziren. Euren esanetan, oholtza gainekoak baino, «giroa alaitzeko musikariak» izan dira beti. Atzoko aurkezpenean ere garbi utzi zuten: Mentxuk trikitia eta Gemak panderoa hartuta, «Aitona Perikoren fandangoa» jo zuten, lau piezen elkarketatik sortutako moldaketa.

Mentxuren aitona zen abestiko aitona Periko, eta berari esker hasi zen trikitia jotzen. Aitona Periko hiltzean osabak Venezuelara eraman zuen aitonaren trikiti zaharra, baina Mentxuk berreskuratzea lortu zuen. Erosteko hainbat eskaintza izan baditu ere, Mentxuk ez du saldu nahi, «bitxi bat» baita berarentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo