Udate
Udako ikastaroak Argantzunen, herriko txikienek euskaraz aritzeko aukera izan dezaten
Trebiñuko Argantzun herrian udako ikastaroak antolatu ditu guraso talde batek helburu bikoitzarekin; haurrek primeran pasatzea, eta, aldi berean, euskaraz mintzatzeko aukera izatea.
Iris MURILLO | ARGANTZUN
Argantzuneko guraso talde batek Txingoka Kultur Elkartea sortzea erabaki zuen orain dela hainbat urte herrian proiektu ezberdinak aurrera eramateko asmoz. Horien artean, Udako Kaleko Kanpamentuak: herrian bizi diren 3 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzendutako ikastaroak, alegia.
Elkartearen ordezkaria den Alfredo Angulok azaldutakoaren arabera, Argantzunen 6 urtetik gorako haurrek ez dute euskaraz ikasteko aukerarik. Egoera hori ikusita, eta kontuan izanik gazte gehienek giro erdalduna bizi dutela etxean, gurasoek zerbait egiteko beharra ikusi zuten; hala, Anguloren arabera, «euskara modu dibertigarrian ikasteko» ikastaroak sortzea erabaki zuten.
Geroz eta arrakastatsuagoak
«Udalekuak duela bost urte hasi ziren eta geroz eta arrakastatsuagoak bilakatzen ari dira», Maribel Diaz kanpamentuko antolatzaile eta begiralearen esanetan. Horren erakusle, aurten plaza kopurua oso-osorik bete dute.
Astero munduko kultura baten inguruko jarduerak antolatzen dituzte. Aste honetako gaia Euskal Herriko jaiak izan dira, eta, atzo, nola ez, sanferminak ospatu zituzten, txupinazo eta guzti. Zezenak ere izan zituzten, eta, benetakoak ez izan arren, batek baino gehiagok ikusi ere ez zituen egin beldurraren beldurrez.