GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora | Nafarroako Binakakoa

Floren Nazabal gabe jokatuko da aurtengo finala

Adituen ustez, Donato eta Oihan Larretxea dira faboritoak. Hauekin batera, Lopez eta Senosiain II.a eta Rekondo eta Erasun ere lanean arituko dira.

p038_f01_148x96.jpg

Jon LEUNDA

Donato eta Oihan Larretxea izango dira bihar 12.00etan Iruñeko Foruen Enparantzan jokatuko den Nafarroako Binakako Txapelketa irabazteko faboritoak. Aurtengoan ez da Floren Nazabal arituko, eta horrek ate gehiago zabaltzen ditu. Hala ere, larretxeatarrak txanda librerako bikote gogorra osatzen dute. Aita eta semea dira, irakaslea eta ikaslea, elkar ederki ezagutzen dute, eta bakoitzak primeran daki zer egin behar duen. Adituen ustez beraiek dira biharko txapela lortzeko faboritoak.

Beran bizi diren aizkolariekin batera, Senosiain II.a eta Lopez, eta Rekondo eta Erasun izango dira lanean arituko diren besteak. Egungo txapeldunak Nazabal eta Rekondo dira, baina Etxarrikoa arituko ez denez, leitzarra Erasun gaztearekin arituko da. Juanjo Lopezek iaz bigarren amaitu zuen lehiaketa hau, baina orduan Antonio Senosiain izan zuen lagun, eta, aurten, berriz, Olagueko anaietan gazteena izango du alboan. Larretxeatarrak iaz ere batera aritu ziren, eta azken lekuan amaitu zuten, baina finalean aritu ziren hiru bikoteen artean borroka handia egon zen, eta segundo gutxi batzuek erabaki zuten auzia. Biharko finalean, bakoitzak sei kana-erdiko eta beste horrenbeste 60 ontzako erdibitu beharko ditu.

Bihartik aurrera eta sanferminak amaitu bitarte, egunero izango da herri kirol jaialdia Foruen Enparantzan, eta aizkora zaleek biharkoa pasatuta, beste aste bat itxaron beharko dute lehiaketa bat ikusi ahal izateko, hilaren 14an jokatuko baita Nafarroako Hirugarren Mailako kanporaketa. Kañamares IV.a, Pikabea, Eneko Saralegi, Goñi, Olano II.a, Etxeberria II.a, M.A. Etxeberria, Telletxea eta Erasun II.a izango dira lehian. Gehienak oso gazteak dira, eta hori berri oso ona da. Jendea ere gazteak ikusteko irrikaz dago, eta haiek ikusteko asmotan jende asko izango da.

Desafioa

Badirudi aurtengo udan desafioak modan jarri direla. Orain dela bi aste Abaltzisketan jokatu zen bat, eta bestea bihar bertan jokatuko da Hernaniko Martindegi auzoan, eta berriro ere Unai Otaño izango da protagonista. Oraingoan ere Ibarrako aizkolariak biren aurka jokatu beharko du, bihar, 12.00etan.

Aurrean Juan Esnal usurbildarra eta Jon Larrañaga oiartzuarra izango ditu. Ez dira izen handiko aizkolariak, baina berriak ere ez. Biek dakite zer den txapelketetan aritzea, nahiz eta beti maila apaletan ibili diren.

Unai Otaño sasoiko dago. Txapelketak prestatzen ari da buru belarri, eta tartean atera zaizkion bi desafioak primeran etorriko zaizkio. Orain dela bi astekoa galdu egin zuen Abaltzisketan Ipintza anaien aurka, eta oraingoan ere ez du lan samurra izango. Berak badaki, ordea, galtzeko gutxi eta irabazteko asko duela, baita horrelako dema garrantzitsuak oso onak direla txapelketei begira daraman prestakuntzan aurrera egiteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo