Jokoak
Ipar Euskal Herriko kanporaketak, Ezpeletan
J.L.
Ipar Euskal Herriko Txapelketako kanporaketak jokatuko dira bihar Ezpeletan, 15.30ean hasita. Bertan ez dira herri kiroletako kirol guztiak izango, baina bai gehienak. Lokotxak-biltzen, orga-jokoan, ingude-jasotzen, trontzan, zaku-lasterketan eta aizkoran erabakiko dira finalistak. Azkeneko saioa abuztuaren 14an jokatuko dute, Hendaian.
Trontza, aizkora eta ingude jasotzea izaten dira zaleen lehiaketa gustukoenak, eta hiru proba horietan, Ezpeletan erabakiko dira Hendaiako finalistak. Aizkoran, Telletxea, Juanikotena, Igoa eta Van der Putten izango dira nor baino nor.
Trontzan, berriz, Arbenoitz eta Goienetxe, Duhalde eta Etxeberia, eta Masse eta Chausse. Ingude-jasotzen, Casusso, Van der Putten, Marca, Lacroix eta Chotro arituko dira finalean izateko txartela lortzeko asmotan. Kanporaketak jokatuko diren kirol guztietan probak oso laburrak izango dira; hala, bertaratzen direnentzat oso politak izango dira probak, saio guztietan izango baita emozioa.