Julen MURGOITIO
Talka bidez aurkitua
Pozik egon behar kristauek honezkero. Azkenean Jaungoikoaren partikula galdua aurkitu ei dute eta. Omen. Amen. Zeinek galdu zuen argitu ez badute ere. Baina hau kolpea gero!, ez dute zeruan aurkitu, lurpean baino. Kolpe latza gero, begiak beti gorantz dutenentzat. Eta hori gutxi izan ez eta talka bidez aurkitu! Talka! Gauza galduak aurkitzeko konfrontazioa beharrezkoa izan daitekeen seinale; batzuetan neutroien talka, beste batzuetan trenena... Tira, harira! Bosoia edo. Aurrerantzean alaitzeko motiboak izango dituzte sikiera etorkinek, Afrikako kostatik pateran abiatzeko orduan. Nonbait unibertsoa ulertzeko giltza dakar bosoi zer horrek, materiak masa zergatik duen azaltzeko edo. Pozik egon beharko honezkero Bilboko unibertso inguruko hainbat mitxelinek, euren masaren jatorriak argia ikusi dezakeelakoan. Honezkero. Masaren sorburua argitu bidean dela, hurrengo urratsa masa hori zelan kritiko bihurtu izango da, ezinbestean. Bestera esanda, zergatik batzuen materia grisak ez duen masarik... Egia esanda, nire koska ez da unibertsoaren iluna argitzea, ez horixe, merkatuaren iluna argitzea baino, honetan zulo beltz gehiago dago unibertso osoan baino. Seguruenik distantziak badu, izan, eraginik nire lehentasunetan. Tira, Jaungoikoaren partikula aurkituta Jaungoikoa bera aurkitzea izango bide da Vatikanoaren hurrengo ikerketa apustua. Hasi daitezela lurpetik, badaezpada.
Kanpoko unibertso urrunetik barneko unibertso hurbilera. Ilargiak alde iluna omen du, ezaguna, baina batzuen hatzek ere ba bide dute alde ilunik, sudurzulotik kanpo daudenean ere. Horrexegatik batzuek ilargia seinalatzen dutenean, beste batzuek lelotu antzera geratzen dira hatzari berari begira, arretaz ustez. Ilargia izan gabe erreka seinalatuta ere horiek beroriek zubia baino ez dute ikusten. Eta zaborrari begiratuta, errautsa baino ez. Materiak masa duela berez? Bai zera!, gris transgenikoa gero hainbat materiarena! Batek aspaldian bota zuenez, zabor munduan, unibertsoan ere esan liteke, garbiena zaborra bera. Ez dakit, hortaz, zerbait berria ekarriko ote duen zorioneko bosoi zer horrek. Unibertsoko ateak zabaldu behar omen dituen hori gauza izango ote barrura begiratzeko leihoak berak ere zabaltzeko?. Bestera esanda, lurpeko azeleragailuak emanda azaleratu eta lurrazaleko materia masa kritikoz betetzeko gauza?