Robotikak presentzia handia izango du Euskal Encounterren
GARA | BILBO
Robotikak inoiz baino presentzia handiagoa izango du Euskal Encounter topaketaren 20. edizioan, uztailaren 26tik 29ra bitartean, Barakaldoko BEC erakustazokan. Aurten, gainera, bisitarien egonaldia erosoagoa egiteko, guneen kokapena berrantolatu dute.
Nazioartean erreferentziazkoa den topaketa arrakasta handiz ospatuko da aurtengoan ere. Horren erakusle, eskainitako 4.100 lekuak hilabete eskasean bete ziren eta itxaron zerrenda itxi ere egin behar izan dute azkenean. Guztira, 6.000 parte hartzaile inguru elkartuko ditu Euskal Encounterrek.
Horrez gain, milaka bisitari espero dituzte antolatzaileek; iaz, kasu, 16.000 pertsona gerturatu ziren 35.000 metro koadroko aretora. Partaideek 20 gigabiteko konexio abiadura izango dute, horrelako ekitaldietan eskaini ohi den abiadura baino askoz handiagoa eta etxeetan izan ohi dena baino milaka aldiz azkarragoa.
Euskal Encounterren 20. urtebetetzean robotika izango da nagusi. Irratiz kontrolatutako VEX roboten lehiaketek, adibidez, ikusmin handia sortu dute; hain zuzen ere, futbolean, boleibolean eta saskibaloian arituko dira lehian. Robot hezitzaileen erakustaldiak ere izango dira, baita mintegi anitz ere.
Bideo jokoek ere presentzia garrantzitsua izango dute egitarauan. On line jokalarien komunitate azpimarragarrienetakoek hartuko dute parte topaketan, eta euren jokoak eramateaz zein lehiaketak antolatzeaz arduratuko dira.