GARA > Idatzia > Kultura

udate | iruñeko sanferminak

Oihuak Mayari, txaloak kilikiei, jotak San Fermini

Enrique Maya Iruñeko alkateak urtean zehar egindakoak kritikatzeko balio izan zuen atzo San Fermin eguneko prozesioak. Udaltzainez erabat inguratuta egin zuen bidea alkateak, Kuria kalean «UPN kanpora» oihuak entzuten zituen bitartean. Txalo bakan batzuk ere jaso zituen, baina ez kilikiek adina. San Ferminek, berriz, jotarik hunkigarrienak jaso zituen.

p058_f02_148x184.jpg

Martxelo DIAZ | IRUÑEA

Azken urteotan bezala, San Fermin eguneko prozesioa Enrique Maya Iruñeko alkatearen kontrako haserrea erakusteko gune bilakatu zen. Eguerdiko ordu biak aldera ehunka lagun bildu ziren Kuria kalearen inguruan San Lorenzo elizatik zetorren prozesioaren zain.

Kuria kalea Mañueta, Kaldereria eta Nabarreriarekin biltzen den gunean bildu ohi da beti jende gehien. Alde Zaharreko beste txoko ugari bezala, mukuru beteta izan ohi da, eta, itxaronaldia arintzeko, San Fermin eguneko bermuta hartu ohi dute bildutakoek. Protesta egitea ongi dago, baina ezin ahaztu San Fermin jaiak direnik!

Eguzkia ezkutuan izanagatik, sargori egiten zuen atzo Iruñean. Eta horrelakoetan tragoxka baten laguntza ezinbestekoa izaten da. Batez ere, txupinazoaren hurrengo eguna baldin bada. Ezinbestekoa. Benetan.

Bat-batean, musika entzun zen. Kilikiak eta erraldoiak prozesioaren aurrealdean ziren, eta, nola ez, bildutako guzti-guztiek txaloka hartu zituzten. Bitartean, Iruñeko katedraleko kanpaiak jo eta fuego ari ziren, egun berezia zela aldarrikatu nahian.

Prozesioko txistulariek giroa berotzeko unea zela erabaki eta «Ikusi mendizaleak» kanta jotzen hasi ziren Kuria kaleko aldapa hasi eta berehala; bertan bildutakoek, nola ez, gogotsu hartu zuten euskal kanta ezaguna. Indar bereziz abestu zuten «Gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak» leloa.

«UPN kanpora» oihuak

Txistularien atzetik, katedraleko kabildoko kideak zeuden, gurutze eta guzti. Atzerago, Iruñeko Udaleko zinegotziak eta Enrique Maya alkatea. Udal ordezkariak hurbildu ahala, «UPN kanpora» oihuak entzuten hasi ziren. Ozen. Oso ozen. Iruñeko Udalak azken urtean egindakoaren aurrean haserrea agertzeko herritarrek duten modua da.

Murrizketek eta jai herrikoen aurkako jazarpenak sutzen ditu herritarrak besteak beste. Asko ziren atzo Kuria kalearen inguruetan aldarrikapen horiek jasotzen zituzten kamiseta zuriak zeramatzatenak. Horrez gain, presoen aurkako erasoak amaitzea eskatzen zuen pankarta bat eta jai herrikoiak aldarrikatzen zituen beste bat jarri zituzten kaleko parte batetik bestera.

Hori bai, aldekoak ere baditu Mayak eta hori batik bat prozesioaren azken txanpan geratu ohi da nabarmen. Yolanda Barcinaren garaian ere hala gertatzen zen. Pentsa, UPNren aldekoek San Fermin eguneko eguerdian Kuria kalera gerturatzeko ohitura ere hartu dute azkenaldian. Hala, txaloak ere entzun zituen Mayak. Iruñeko alkateak, gainera, jasotako sostengua eskertu nahi izan zuen.

Udaltzainez inguratuta egin zuen Mayak ibilbidea. Urrutitik ikusten diren uniforme horietakoak zeramatzaten zinegotzien urratsak babestu zituzten udaltzainetako askok. Aldiz, baziren sanferminetako ohiko arropa zuri-gorriak soinean zeramatzaten udaltzainak ere. Arropak arropa, Maya eta UPNko zinegotzien kontra oihuka ari zirenen aurka oldartu ziren udaltzainak, batez ere Temple tabernaren alboan eta Konpainia kaleko bidegurutzean. Azken leku horretan, emakume bat atari bateko atearen kontra bota zuten indarka, emakumeak berak jasotzen ari zen tratuaren kontra protesta egiten zuen bitartean.

Txaloak La Pamplonesari

Maya eta zinegotziak pasa ondoren, La Pamplonesa musika bandaren txanda izan zen. Prozesioa bere doinuekin alaitzen zuten bitartean, txalo zaparrada handia jaso zuten Kuria kalean bildutako guzti-guztien partetik.

Orain arte kontatutako guztia eguerdiko ordu biak aldera gertatu zen, zinegotziak eta alkateak katedralerako bidea egin zuten bigarren aldian. Lehenengo prozesioa goizeko hamarrak inguruan egin ohi dute, askoz ere lasaiago. Orduan ez dute ez jenderik inguruan ezta udaltzainek babestuta joan beharrik ere. Eguerdiko desfilean parte hartu zuen zinegotzi batek edo bestek kale egin zuen goizeko hamarretako prozesioan, txupinazoaren biharamuna gogorra izaten baita sanferminetan...

Kuria kalean urtero-urtero prozesioaren harira izaten diren gertakariak Iruñea bezalako hiri bateko bitxikerien artean kokatu behar dira ezinbestean. Izan ere, protesta egiteko gero eta aukera gutxiago onartzen dituen Iruñea bezalako hiri batean, edozein aukera aprobetxatu beharra dago, izan prozesio, izan txupinazo...

Jotak San Ferminentzat

Zalapartak zalaparta, San Fermin eguneko prozesioaren zati nagusia arazorik gabe burutu ohi da. Hala, San Fermini jotak abesten dizkiote herritarrek, bestetako une «hunkigarri» horietakoak sortuz, badakizue, sentimendu erlijiosoa dutenek gogoz eskertzen dituzten momentico famatu horietakoak.

San Anton kalean kantatu zioten santu beltzaranari lehen jota. Kontseiluaren plazan, berriz, Txantreako Santiago abesbatzaren txanda izan zen, «Al glorioso San Fermin» jota ezagunarekin. San Zerninen putzuaren parean Napardi elkarteko kideek «Agur Jaunak» abestu zioten santuari. Une hori santuaren oinetan arrosak paratzeko baliatu ohi da. Kale Nagusira heltzerakoan, Amigos del Arte elkartekoek beste jota bat abestu zioten. Kanta horiek entzun eta gero, San Ferminen irudia etxera itzuli zen, San Lorenzo elizara, bertan meza nagusia entzun ahal izateko.

Bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi atzo larunbata eta San Fermin eguna, uztailaren 7a, izanik, jende andana bildu zela goizean goizetik Iruñeko Alde Zaharreko karriketan. Prozesioa, noski, ez zen salbuespena izan.

PROTESTA

Protesta egiteko gero eta aukera gutxiago onartzen dituen Iruñea bezalako hiri batean, San Fermin eguneko prozesioa Udalaren kontra egiteko erabiltzen da. Bitxia izan daiteke, baina horrelakoxea da Iruñea.

BIHOTZEKORIK EZ

San Fermin eguneko prozesioan desfibriladore bat ere eraman zuten ikusleren bati bihotzekoa emanez gero prest izateko. Emozioa norbaitentzat gehiegizkoa izanen zela pentsatuko zuten akaso antolatzaileek!

El Arzobispo reclamó «unidad» frente a la crisis

En la homilía de la misa en honor a San Fermín en la iglesia de San Lorenzo, el arzobispo de Iruñea y obispo de Tutera, Francisco Pérez, pidió a «los responsables sociales» que busquen «la unidad imprescindible» para solventar las consecuencias de la crisis económica y «hacer de la sociedad un remanso de serenidad, paz y bienestar».

Junto a ello, monseñor Pérez deseó «alegría y la paz en estas fiestas» y recordó a quienes no las pueden vivir en plenitud, ya sea por ausencia, por enfermedad o porque sufren las consecuencias de la actual crisis económica.

Durante la celebración de la misa, actuó la Capilla de Música de la Catedral, dirigida por Aurelio Sagaseta.

«Los cristianos queremos repetir que todos cooperen para el bien y que, si asumimos cada uno nuestras responsabilidades saldremos fortalecidos de esta situación: los que tienen más posibilidades y medios porque habrán puesto en práctica la solidaridad cristiana cooperando generosamente con Cáritas y las organizaciones que se ocupan de los más desfavorecidos y los que estáis sufriendo las heridas de estas circunstancias porque habréis comprobado que Dios os ama», añadió Pérez. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo