Udate
La Pegatina talde katalanak estreinatuko ditu Gasteizko Andra Mari Zuriaren jaiak
Iris MURILLO | GASTEIZ
La Pegatina talde katalanak estreinatuko ditu abuztuaren 4an Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiak. Horrez gain, Esne Beltza, Juan Magan eta La Fuga izango dira, besteak beste, Arabako hiriburuko Foru plazan, Udaleko Kultura zinegotzi Encina Serranok atzo prentsaurrekoan ezagutarazi zuenez.
Gasteizko alkate Javier Marotok, kazetarien galderei erantzunez, aurtengo jaiek 750.000 euroko aurrekontua izango dutela argitu zuen: iaz baino 225.000 euro gutxiago, hain zuzen.
Gasteizko jaien gune nagusia Foru plazan izango da aurten ere. Hor izango dira Udalak antolatutako kontzertu nagusiak: La Pegatina, abuztuaren 4an; Juan Magan, hilaren 5ean; Losdelgas, La Fuga eta Los Suaves, 6an; eta Esne Beltza, 7an.
Marotok jakinarazi zuenaren arabera, aldaketa bat egon da egitarauan; izan ere, Los Tigres del Norte taldeak eman behar zuen kontzertua bertan behera geratu da eta, horien ordez, Malu, Paco de Luciaren iloba, etorriko da abestera.
Aurten ere, Aihotz plazan euskal taldeak izango dira. Lehendabiziko egunean, gazteei zuzendutako talde batek joko du, Vendettak hain zuzen. Hurrengo egunetan berriz, nagusiagoentzako kontzertuak izango dira nagusi, Mikel Urdangarin, Mikel Markez eta Erramun Martikorena euskal artista ezagunen eskutik. Eratu etxeko rock taldea ere bertan izango dugu entzuleen gogoa berotzen.
Musika elektronikoaren zaleentzako eguna abuztuaren 5a izango da. Horientzako Gau Elektronikoa antolatu dute, Butterfly Kollektiv-en eskutik.
Bestelako ekimenak
Musikaz aparte, bestelako ekimenak ere egongo dira Gasteizko jaietan. Aihotz plazan, adibidez, euskal folklorearentzako lekua egongo da bertso eta txistu hotsen artean.
Bestalde, jaietan barre egitea ezinbestekoa denez, Fernandez de Pierola Apezpikuaren lorategietan Umorearen Txokoa izango dugu. «Bertan primerako umoristak izango ditugu, hala nola Muchachada Nui-ko Ernesto Sevilla eta El Club de la Comediaren irabazle Sara Escudero», iragarri du Serranok. Haurrek ere ondo pasatzeko aukera ugari izango dute, beraiei zuzendutako hainbat ekimen izango baitira. Hala nola, Prado kalean egunero izango dira haurrentzako antzezlanak, dantzak...
Azkenik, aurten Zeledonen euritakoa berdea izango dela esan zuen Kultura zinegotziak, Gasteiz 2012ko Europako Hiriburu Berdea denez, izendapen horrekin bat egiteko.