GARA > Idatzia > Mundua

Hego Sudanek lehen urteurrena ospatu du, Sudanekin tirabiran jarraitu arren

Hego Sudanek Sudanetik bereizi eta independentzia eskuratu zuenetik urtebete igaro da eta bart goizaldean urteurren horren ospakizunei ekin zieten herritarrek. Gonbidapena onartuta, atzerriko buruzagiak izan ziren Juban, hutsune nabarmen batekin; Sudango ordezkaritza.

p023_f01-199x116.jpg

GARA | JUBA

Hego Sudanek independentzia lortu zueneko lehen urteurrena ospatu zuen atzo, atzerriko hainbat buruzagiren presentziarekin eta Sudango ordezkaritzaren hutsune nabarmenarekin, bi herrialdeen arteko harremanak oraindik ere tentsio handikoak baitira.

Gonbidatuen artean ziren Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moon, Afrikako Batasunako Batzordeko lehendakari Jean Ping eta Afrikako Batasunako lehendakari Yayi Boni.

Programa ofizialaren arabera, atzo ez zuten lehen mailako Sudango arduradunik espero.

Juba hiriburuko erdigunean herritarrak goizaldetik gerturatu ziren John Garang iraultzako buruzagi historikoari omenaldia egitera -2005ean hil zen-.

Zeremonia ofiziala otoitzaldi, desfile militar eta diskurtso batekin hasi zuten -goizeko lehen orduan zen hitzordua-, baina festa gauerdian hasi zuten herritarrek klaxon, danbor, txistu eta maraka hotsekin gaua girotuz eta Sudandik bereizi izana gogo biziz ospatuz.

«Egun handia da gaurkoa, nire herrialdearen lehen urteurrena da», zioen Rachel Adau erizainak leku egoki bat lortu nahian goizaldean hiriburuko erdigunera gerturatu zena.

«Gaur gure herria arabiarren menpetik atera zen eguna ospatzen ari gara», adierazi zuen Michael Kenyi Benjamin ikasleak, Khartumeko gatazka arabiar-musulmanari aipu eginez.

Atzoko herritarren poza albo batera utzita, independentziaren lehen urtemugako ospakizun urte honek herrialdeak bizi duen errealitate gordina agerian utzi du.

Urte hau bereziki gogorra izan da, batez ere Hego Sudango eta Sudango gobernuen arteko harremanei dagokienez, oraindik ere egoera tentsio handikoa dela-eta. Horren ondorioz, petrolio ekoizpena dela-eta gatazka armatu gogorrak izan dituzte.

Riek Machar lehendakariordeak berak onartu zuen ez dutela herritarren itxaropena bete eta porrota bidean topatutako «aurreikusi gabeko zailtasunei» egotzi zien.

«Behar dugun guztia bakea da» esan zuen herritar batek.

WASHINGTON

Igandean zorion mezu bat igorri zuten Washingtondik, Hego Sudanek aurrera begira dituen «desafio garrantzitsuak» gogoraraziz, gatazka eta zailtasun ekonomikoei aipu eginez eta «Hego Sudanek bere etorkizuna» eraiki behar duela nabarmenduz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo