GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Iņigo Cabacas: gertaerak argitzea eta ardurak garbitzea, piztuta atxiki behar den sua

Ertzaintzaren pilotakada batek Iñigo Cabacas gaztea hil zuenetik hiru hilabete pasa direnean, Bilboko udalbatzak elkarretaratzea deitu du haren oroimenez. Berandu, lar berandu, baina egin, egin izanak duen balioa nabarmendu zuen bertaratu zen Cabacasen aitak. Malkoei ezin eutsiz, hitz gogorrak izan zituen bereziki Rodolfo Ares Barne sailburuarentzat. Gezurretan aritzea leporatu zion, familiaren ondoan egongo zela hitzeman, informazio eta laguntza guztia bideratuko ziela, baina gezurra gezurraren atzetik. «Denbora honetan ezkutatu egin da», gaineratu zuen Manuel Cabacasek. Eskaera zehatzak egin zituen: gau latz hartan egiazki gertatu zena argitzea eta erantzukizun penal eta politikoak garbitzea. Eta hori guzti hori, guztien onurarako dela iritzita, baita Ertzaintzaren onerako ere.

Denboraren joan-etorrian eta berrien zurrunbiloan galdurik, Cabacas auziaren desitxuratzea, ahanztura bilatzen dutenek, ongi gogoan hartu beharko dituzte Manuel Cabacasen hitzak. Korporatibismo polizialaren gainetik, eta «zorte txarrari» egotzitako fatalismo batetik urrun, gertaerak argitzea eta ardurak garbitzea oinarrizko eskakizuna da. Piztuta atxiki behar den sua. Kosta ahala kosta, berriz ere, sekula errepika ez dadin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo