Lasarte-Orian EAJk, PSEk eta PPk bultzatutako kargu uzte berria bozkatuko dute gaur
Zentsura-mozioa aurkeztu duten hiru alderdiek gehiengoa dute Udalean. Proposamenak aurrera eginez gero, Lourdes Acevedo PSEko zinegotziak Bildu koalizioko Nerea Sanchezen lekua hartuko du San Marko mankomunitatean, Lasarte-Oriako ordezkari gisa.
GARA | LASARTE-ORIA
San Marko mankomunitatean Lasarte-Oriako ordezkari den Nerea Sanchez (Bildu) ardura horretatik kentzeko EAJk, PSEk eta PPk aurkeztutako zentsura mozioari ekingo dio gaur Lasarteko udal bilkurak, 18.30ean. Proposamena aurrera ateraz gero, kargu hori Lourdes Acevedo PSEko zinegotziak hartuko Luke.
Lasarten Bildu koalizioa dago alkatetzan bost eserlekurekin, EAJko bi zinegotzien eta PCLO plataforma independenteko beste bi zinegotzien babesarekin. PSEk zazpi eserleku ditu eta PPk bakarra. Horiek horrela, PSEk, EAJk eta PPk guztira zortzi eserleku dituzte; mozioa aurrera eramateko nahikoa, hortaz.
Horren harira, Lasarte-Oriako Bilduko ordezkariek ostiralean emandako prentsaurrekoan adierazi zutenez, hiru alderdiek aurkeztutako zentsura-mozioak Bilduko kidea kargutik kendu eta haren ordez PSEkoa jartzeko asmoaz gain, Zubietan erraustegia eraikitzeko pauso garrantzitsua izatea du helburu.
Lasarte-Oria Bizirik plataformak, aurkeztutako mozioa gaitzesteko, gaur 18.00etan (udalbatzaren osoko bilkura baino ordu erdi lehenago) udaletxe aurrean elkarretaratzera eta gero udalbatzaren bilkurara joatera deitu zuen.
Ekologistak, Bilduren alde
Gipuzkoako Ekologistak Martxan taldeak egunotan zabor kudeaketaren inguruan gertatzen ari dena salatu eta, Gipuzkoako herritarrek eta Europako instituzioek eskatzen dutenari jarraituz, hondakinak hobeto kudeatzeko aukera «paregabea» dagoela esan zuen.
Alde horretatik, Bildu koalizioa bultzatzen ari den politikarekin bat egin eta beste taldeak jartzen ari diren «oztopoen» aurka agertu zen. Batzar Nagusietan Juan Karlos Alduntzin jasaten ari den «eraso politikoa» ere gaitzetsi zuten ekologistek.
Lasarte-Oriako Bilduko ordezkariek adierazi zutenez, zentsura- mozioak kargu uzteaz gain, Zubietan erraustegia eraikitzeko aurrerapausoa izatea du helburu.