GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ekaina hilabete «negatiboa» izan dela esan du Etxeratek, «argiak» ikusi arren

Etxerat elkarteak euskal preso politikoen egoerari dagokion ekaineko balantzea plazaratu zuen atzo. Txostenak hilabete «negatiboa» izan dela nabarmentzen du, «urte hasieratik lehendabiziko aldiz euskal preso politikoen kopuruak gora egin duelako».

GARA | BILBO

«Gertaera gehienak negatibotzat jo ditzakegu». Argi eta gordin esan du Etxerat elkarteak joan den hilabeteko balantzean. Bi izan dira hori ondorioztatzeko motibo nagusiak: batetik, aurten lehendabiziko aldiz preso gehiago daude espainiar eta frantziar kartzeletan, eta, bigarrenik, zenbait presok, horien artean Ruben Riberok, Julen Mujikak eta Aitor Liguerzanak, erasoak jasan dituzte, bai funtzionarioen bai preso sozialen eskutik.

2012. urtea hasi zenetik aurreneko aldiz, ekainean, preso kopuruak gora egin duela nabarmendu zuen Etxeratek, «hainbat preso aske geratu diren arren, espetxeratzeak ere ugariak izan direlako».

Kartzelatze berri horien harira, «bereziki larritzat» jo zuen presoen senideen elkarteak Antton Troitiñoren kasua. Etxeratek azaldu zuenez, kartzelan 24 urte eman eta gero, 2011ko apirilean kalera irten zen, baina ekainaren 29an berriro atxilotu zuten Londresen, «Parot doktrinaren» bitartez luzatutako kondena betetzeko.

Preso politikoek bi kartzelatan jasandako erasoak ere gogor salatu zituen Etxeratek. Elkarteak adierazi bezala, Ruben Ribero, Julen Mujika eta Ibon Goieaskoetxea presoek «funtzionarioen jipoi bortitzak jasan zituzten» eta Aitor Liguerzana gasteiztarrari «preso sozial batek eraso egin zion».

Presoenganako elkartasuna

Beste alde batetik, atzo presoen aldeko elkarretaratzeak izan ziren beste behin Zaldibian (30), Ataunen (56), Bermeon (25), Gernikan (53), Euban (14), Iurretan (32), Ordizian (23), Zaldibarren (22), Laudion (42), Iruñean -PPko egoitzaren ondoan- (62), Altzan (21), Zorrotzan (30), Añorgan (10) eta Abadiñon (13).

Hirigoien

Peio Hirigoien preso politikoa aske geratu da gaur. Herrirak azaldu zuenez, Hirigoien 2011ko martxoan atxilotu zuten, eta Nanterreko espetxean lau hilabete igaro ondoren, Uzercheko kartzelan egon da atzo arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo