GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | GETXOKO 36. JAZZALDIA

Maila artistiko ezin hobeaz itxi dira aurtengo Getxo Jazzeko kontzertuak eta lehiaketa

Ez da erraza izaten zenbakiez aparteko baloraziorik ematea jaialditzarretan. Halere, bost egunez Getxo Jazz jaialdiko zuzenekoetan izan diren zaleak, orokorrean, entzundakoarekin gustura agertzeak ontzat ematen du egindakoa.

p054_f01_200x85.jpg

Anartz BILBAO

Antolatzaileen esanetan, 12.000 lagun erakarri ditu aurten jaialdiak. «Iazkoaren aldean, apur bat txikiagoa da kopurua -dio jaialdiko zuzendari Iñaki Saituak-, baina normala da, kontzertu gutxiago izan dira-eta». Adibidez, ez da izan jaialdian ohiko bihurtua zen Marchin´ Bandik. «Baina jende asko etorri da. Bost zuzeneko nagusietatik batean sarrerak agortu ziren (Mike Stern eta Richard Bonaren zapatuko emanaldian) eta beste bitan ere ia-ia. Oro har, oso sarrera kopuru ona izan da zuzeneko guztietan». Beraz, «balorazioa oso positiboa da -jarraitu du Saituak-. Ez dugu inolako arazorik izan eta kontzertuak behar bezala burutu dira».

Artistei dagokienez, Wayne Shorter izan da izarra, ez baita alferrik jazzaren mito. «Kasu berezia da, bai. Denbora luzea egin dugu bere atzetik Getxora etor zedin, eta, alde horretatik, pozgarria izan da azkenean hemen entzun izana. Gauza berriak ikertzen eta musikariei eskatzen... orain urte asko goi mailan ibili da eta dabil; sorkuntzan erakusten du oraindik gaztetasuna». Eta publikoa gustura utzi zuen.

«Egia da kontzertuak ez ditudala kasik entzuten», onartu digu jaialdian zehar hara eta hona artega sumatu dugun Saituak. «Saiatzen naiz talde bakoitzari arreta eskaini eta jesarrita hamar minutuz kanturen bat edo beste entzuten, baina... ez da erraza; beti dago e-mail edo mezuren bat, hurrengo eguneko berriak edo gorabeherak...».

Lehiaketari dagokionez, «artista nagusiak ez bezala, talde gazteen jarduna ez dugu aurretik ezagutzen, baina oso erantzun ona eman dute», adierazi digu Saituak. «Urtero lehiaketako lau taldeak hemen egoten dira lauzpabost egunez. Beraz, harremana egiten dute, elkarrekin jotzen dute (jam saioetan) eta elkar ezagutze hori mantendu egiten da gero, Internet bidez-eta».

Lehiaketak lau europar talde gazte jasotzen ditu, izar handien aurretik Biotz Alai plazako jarduna ireki dezaten. Aurten, Tobias Meinhart saxo jotzaile germaniarraren boskoteak irabazi du saria -ostegunean Bermeon jo eta Shorterren gaua ireki zuten ostiralean- eta, beraz, beste behin jo zuten igandean. Datorren urtean, sari legez, CD bat argitaratuko die Getxo Jazzek.

Brasilera bidean

Lovanoren ikasle izan omen da egun New Yorken bizi den Meinhart, eta Rossirekin jotakoa omen da, besteak beste. Saxofoi jotzaileak Berlinen osatutako bostekoa aurkeztu zigun, Valentin Schuster bateria jotzailea austriarra eta Lou Lecaudey tronboi jotzailea frantziarra diren arren; eta erdiak oso-oso gazteak izanda ere -Lecaudey bera eta Tom Berkmann kontrabaxu jotzailea-, fin jo zuten, maila txukunarekin. Ostiralean gainera, Pipper Irish Pubeko jam saioan entzun ahal izan genituen. Taldeko buruak eta Lorenz Kellhuber teklatu jotzaileak parte hartu zuten bertan aurrena, eta goizaldean ondo sartuta, taldeko gaztetxoenak gero, taldeko burua neska euskaldunekin harremanetan sartu nahian ari zen bitartean.

Jaialdia Sao Pauloko Eliane Elias brasildar pianistak itxi zuen igandean, brasildar konpositore ezagunenen piezak joaz -Jobim, Gilberto Gil...- bertara bidaiarazi eta bere «Light my fire» azken diskoa aurkeztuta.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo