udate | iruñeko sanferminak
Catherine Donell, aurtengo Kukuxumusuren «giria» izendatu zuten
Aitor AGIRREZABAL | IRUÑEA
«Pozik bezain lotsaturik nago», azaldu zuen hainbat egun festan daramanaren irribarrea erakutsiz. Jaiotzez iparramerikarra izaki, 1982an hiru adiskiderekin Iruñera lehenbizikoz iritsi zenetik, urtero egin dio bisita Nafarroako hiriburuari.
Giri Day egunean, Kukuxumusuk duela 15 urtetik hona, sanferminetako jaietara inguratzen diren atzerritar guztiak omentzeko asmoz antolatzen du Urteko Giriaren Saria. Kukuxumusuren bazkide sortzaileetako Koldo Aiestaran eta Mister Testis zezen urdin ospetsuaren eskutik jaso zuen Donellek saria. Aiestaranek nabarmendu nahi izan zuen 30 urtez segidan Iruñera etortzeak duen meritua. «Nahiz eta Catherine ez den hemen bizi, 30 urte daramatza jaietara etortzen, eta gurekiko eta hemengo jendearekiko duen harremana nahikoa arrazoi dira gure `urteko giria' izateko», nabarmendu zuen saria eman ostean.
Urte hauetan guztietan hutsik egin ez izanak badu bere arrazoia. Lehenbizi iruindar batez maitemintzeak ekarri zuen bueltan bere aurreneko bisitaren ostean, eta gero hiriaz maitemindu zen: «Batez ere, jotak, jendea eta patxarana ditut gustuko», nola ez, nafar edabe magikoa goraipatuz. Sarituak «giri» izendapenak zentzu desberdinak dituela azpimarratu zuen, nahiz eta Kukuxumusuk estima bereziarekin ematen duela argitu zuen. Tragoa eskuan zuela ere, lotsak gaindi egin zion aurtengo irabazleari.
Bere jatorrizko AEBtako Santa Fe hiria utzi zuen duela urte batzuk Parisen bizitzeko, eta modu honetan sanferminetako giroa hurbilago zuen: «Sanferminetara etortzen 30 urte daramatzat», azaldu zuen Donellek.