GARA > Idatzia > Euskal Herria

ZIENTZIA | AUTOMOBILGINTZA

Aluminio-aleazioak, ingurumenerako onuragarriak diren auto arinagoak garatzeko

Aluminio-aleazioak etorkizuneko materialak dira automobil-industrian. Duela gutxi arte, aluminioa aeronautikan eta automobil-industrian soilik erabiltzen zen, oso garestia baitzen ¯automobiletan, barrualdeko piezetan eta osagarrietan baino ez zen ageri¯. Gaur egun, berriz, aluminio-aleazioak altzairuaren lekua hartzen ari dira, automobil arinago eta ez hain kutsagarriak lortzeko.

Hain zuzen, CIC marGUNE, Errendimendu Handiko Fabrikazioko Ikerketa Zentro Kooperatiboak, Euskal Herriko zenbait enpresa eta zentro teknologikorekin elkarlanean, koordinatzen duen ikerketa-lerro baten emaitza dira ezaugarri hobetuak dituzten material horiek. Eragile horiek egindako lanari esker, aluminio-aleazioen ezaugarri mekanikoak hobetzea lortu dute, zenbait elementuren kantitate txikiak gehituz.

Aluminio-aleazioak ekoizteko bi bide nagusi daude. Bi bide horiek lehengaian ezberdintzen dira nagusiki. Lehenengo bide batean, aluminioz aberatsak diren mineraletatik (bauxita) abiatzen da prozesua. «Prozedura horren desabantaila handiena da energia asko behar dela aluminioa sortzeko eta, gainera, hondakin ugari sortzen direla», azaldu zuen Ana Isabel Fernandez-Calvo IK4-Azterlaneko ikertzaileak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo