GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Nahikari Otaegi Tena Donostiako ezker abertzalea

Bultzada bat geureari

Egungo egoera ikusita, ez da erlaxatzeko unea. Euskarari hirian bultzada emateko unea dugu. Goazen euskaraz bizi ahal izango den Donostia berria eraikitzera

Euskal Herri mailan euskararen egoerari buruzko hainbat ikerketaren emaitzak ezagutu ditugu azken asteotan. Pasa den uztailaren 6an gure kaleetan euskararen erabilera zenbatekoa den jakin ahal izan genuen. Bai Euskal Herri mailan, baita gure hirian ere, beherakada gertatu dela ikus daiteke datuetan.

Azken bi hamarkadetako bilakaerari so egiten badiogu, kaleetan euskara gehiago entzuten dela jakin arren, azken urteetako emaitzek ez dute ondorio baikorretarako tarterik uzten. Erabileraren hazkundea gero eta motelagoa izan da azken urteetan; eta hainbeste moteldu da hazkunde izateari ere utzi diola 2011n. Aurrera egin ezin duena atzerantz doa.

Euskarak mendekotasuna eta egoera ahula bizi du gaur egun ere. Batzuek irudikatu nahi izan dutenaren kontra, gaur euskaraz bizi nahi duenak mugatuta ditu bere aukerak. Euskal Herriak bere hizkuntzaren aldeko apustua behin eta berriz berretsi duen bitartean, honen kontrako edo gaztelaniaren menpeko hizkuntza-politikak izan dira nagusi azken hamarkadatan. Euskararen aldeko borroka gainditutako borrokatzat edo alde batera utzi beharrekotzat azaldu nahi dute zenbaitek orain, aurkako jarrerak eta politika epelak justifikatu nahian.

Donostian euskara hiriaren nortasunaren muinean daukagu. Aipatutako gaztelaniaren mendeko edo euskararen kontrako jarrerak hiriko agintarien artean nagusi izan diren arren, donostiarrek ez dute sekula amore eman euskaraz bizitzeko ahaleginean. Nafarroako erregeen garaitik, frankismo ilunenera, 1813ko sutetik pasata, herriak eutsi dio euskarari. Etorkizunean euskaraz bizitzea ere donostiarrok lortu beharreko helburua izango da, ezinbestean.

Euskal Herrian euskara gehien erabiltzen den hiriburua dugu geurea. Urte hasieran utzi gintuen Txillardegi maisuak hainbestetan esan bezala, Donostia da euskarak giro urbanoan garatu eta hedatzeko baldintza egokienak biltzen dituen lekua. Kultur topaketarako gunea da gurea. Izan ere, nortasun berezituak egiten du interesgarri eta erakargarri leku eta jendarte bat. Garena erakutsiaz, kanpotik datozkigun bisitariak eta kultur adierazpideak beso zabalik hartzen ohituak gara.

Mundu mailako indar homogeneizatzaileen aurrean, kultur aniztasun eta aberastasunaren balioa etorkizunerako bermea da. Euskara eta euskal kultura da gure bereizgarria, munduaren aurrean azaltzeko dugun modurik geureena. Iraganarekin lotzen gaituen ezaugarria da, etorkizunerako jendartea eraldatzen ari garenaren seinale izateaz gain.

Horregatik, egungo egoera ikusita, ez erlaxatzeko unea dela ikusten dugu. Euskarari hirian bultzada emateko unea dugu. Norberak bere esku dagoen ahalegina eginez, hizkuntza-politikaren arduradunei euskararen garapenerako estrategia ausart eta eraginkorrak exijituz eta euskaraz bizi ahal izateko aukerak elkarlanean sortuz. Honela soilik eraldatuko dugu egungo errealitatea. Goazen lanera, antolatzera, borrokatzera, ikastera eta erabiltzera. Goazen euskaraz bizi ahal izango den Donostia berria eraikitzera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo