AHT-ren erokeria, langileen esplotazio hilgarria
Arrasateko Gesalibar auzoan atzo hil zen langilearekin, dozena erdi dira jada AHT-ren herri-lan faraonikoan zendutako beharginak. Hamarka izan dira zaurituak, asko larriki, beste asko ezagutzen ez direnak, aurrerabidearen eta ongizatearen sinonimotzat saltzen den baina egiazki lan prekarietate, esplotazio eta heriotza iturri den azpiegitura honetan. Hamabi orduko lanegunak, lan erritmo zoroa, laneko segurtasunerako prebentzio eta baliabiderik gabe, sarritan hemengoekin homologatzen ez duten lan hitzarmena duten langile etorkinak, agintarientzat beren heriotzak azkar batean ahanzturan galtzen dira... hori guztia, enpresa eraikitzaile eta bankarien interesak asetzeko besterik ez.
AHTk lanpostuak sortu eta diru sarrerak handituko zituen promesa, faltsua ez ezik, hilgarria ere badela demostratzen ari da. Bada garaia amaigabea dirudien istripu eta heriotzen gurpil makabroa gera dadin, zementuaren erokeria hau geldiaraztekoa. Zenbat langile hil beharko dira behingoagatik «demasakeria» honi amaiera emateko? Noiz arte jasan beharko da AHTk lanpostuak eta aberastasuna sortzen dituela dioen zinismo hilgarria? Orain lan segurtasunaren apologia egingo dute agintariek, bihartik aurrera betikoan tematuta segitzeko, hurrengo berri latzarekin kontzientzia astindu zaien itxurak eginez. Planta gutxiago eta fundamentu gehiago. Lanak gelditu eta herri nahiari, sen onari, men egin.