Udate
Donostiako Piratek hamar urteko bidea ospatuko dute kanta berri batekin
GARA | DONOSTIA
«Belak zabaldu ditugu, batu ditugu indarrak, lotu guregana eta aska ditzagun amarrak!» abestuz ospatuko dute aurten Donostiako Piratek hamargarren urteurrena.
Izan ere, data biribila dela-eta, dagoeneko entzungai eta eskuragarri dagoen kantua aurkeztu zuten atzo. Hitzak Beñat Gaztelumendi bertsolariak idatzi ditu eta doinuaz Skakeitan talde donostiarra arduratu da. Kolaborazioak ere izan dituzte: Esne Beltzako Xabi Solano eta Patxuko eta Ze esatek! taldeko Jabi Rodil eta Mikel Albisu. Grabaketa, berriz, Berako MIK estudioan egin da. Kantua www.izanpirata.info atarian deskargatu daiteke doan eta bertan ikus daiteke Donostiako Aste Nagusirako prestatu duten egitaraua ere.
Jatorri eta estilo ugari
Aurtengoa urte berezia izango denez, musika eskaintza anitza eta zabala osatzen saiatu direla azaldu zuten atzo piratek. Abuztuaren 11n ekingo diote jaiari, larunbatez, Donostiako 3gabe2 taldearekin. Igandeko berbenaren ondoren, astelehenean Ze Esatek! eta The Real Mckenzies taldeen txanda izango da. Azken hauek izaeraz eskoziarrak dira, Kanadan sortu baziren ere, eta zelta kutsuko punka jorratzen dute. Asteartean (14) Skakeitan igoko da taulara eta ondoren Bad Manners, 1978. urtean sortutako ska talde britainiarra.
Hilaren 15ean, Exaixu taldeak zabalduko du gaua, Exkixu talde mitikoaren omenezko taldea, hain zuzen. Eta dantzan jarraitzeko, Tximeletaren errepertorio zabalaz gozatzeko parada izango da egun berean.
Osteguna Donostiako Piraten Musika Lehiaketako talde hautatuak ezagutzeko eguna izango da. On, Margot eta Tacumah Reggae Band dira aurtengo hiru taldeak. Ostiralean Xalbala donostiarrak eta karaokea izango dira eta asteari bukaera biribila baino biribilagoa emateko, Valentziako Obrint Pas eta Arrasateko Governors arituko dira larunbatean.