EUSKAL MITOLOGIA
Lamiak, sorginak eta jentilak izango dira bihar Ataunen
Euskal mitologiako pertsonaia nagusiekin ibilaldi magiko-mitologikoa egingo dute bihar Ataunen (Gipuzkoa) Jentilbaratza Kultur Elkarteak eta Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatuta. Iaz irekitako Barandiaran museotik hasi eta Agauntza errekaren ondotik doan herribide zaharra zeharkatuko dute bertan bildutakoek, lamien, sorginen eta jentilen artean. Jentilbaratza Kultur Elkarteko kide Tomas Erauskinek GARAri azaldutakoaren arabera, hamar ikuskizun izango dira ibilbidean zehar eta, abentura egun argitan hasten bada ere, «iluntzen duen heinean, xarma irabazten joango da». Ikuskizun honetan parte hartzen duten ehun ataundar inguruk ibilbidearen ondo-ondoan jaio eta hil zen Joxemiel Barandiaran euskal mitologiaren ikertzaile nekaezinaren ohoretan egingo dute magiaz betetako ibilaldia.