GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ion Kepa Parotek preso segituko du bere helegitea aintzat hartu ez dutelako

Dei Auzitegiak ez du ontzat eman Ion Kepa Paroten helegiteko argudio nagusia eta, hortaz, espetxean segituko du. Duela hilabete batzuk, hirugarren aldiz, baldintzapeko askatasuna ukatu zioten Baionako presoari lege berriak ezarritako baldintzak betetzen ez zituelako.

p011_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Parisko Dei Auzitegiak atzera bota zuen atzo Ion Kepa Parot presoak bere baldintzapeko askatasuna errefusatzen zuen erabakiaren aurka aurkeztu zuen helegitea. Horrenbestez, 22 urte preso daraman baionarrak espetxean jarraituko du.

2011ko irailaren 29an aurkeztu zuen, hirugarrengoz, baldintzapeko askatasun eskaera, baina hilabete lehenago Nicolas Sarkozyren gobernuak egindako lege-erreformak ezarritako baldintzak betetzen ez zituela-eta, Zigor Aplikaziorako Epaitegiak ez zion eskaera onartu.

Parotek horren aurka aurkeztu zuen helegitean erabilitako argudio nagusia lege-erre forma hori indarrean sartu zen dataren ingurukoa da. Izan ere, legea abuztuaren 10ean onartu bazen ere, 2012 hasieran jarri zen indarrean. Hala, Paroten abokatuak presoari legea atzeraeraginez ezarri zaiola eta, beraz, aske ez uzteko erabakia Konstituzioaren kontrakoa litzatekeela argudiatu du.

Alta, Dei Auzitegiak atzo jakinarazi zuen ez duela aintzat hartzen argudio hori eta Ion Kepa Paroti ez zaiola legea atzeraeraginez ezarri. Gauzak horrela, abokatuak Kasazio Auzitegira jo lezaketela adierazi du.

Baldintza berriak

Estatu frantsesean biziarteko zigorra ezartzen dieten presoek hainbat urteren buruan -batzuetan kondenan bertan zehazten dena- baldintzapeko askatasuna eskatzeko aukera dute. Horretarako, bizitza proiektu bat aurkeztu behar dute, besteren artean, lanpostu bat eta bizileku bat dutela ziurtatuz. Batzorde berezi batek ontzat ematen du aurkeztutako dosierra eta Zigorren Aplikaziorako Epaitegiak hartzen du deliberoa.

Sarkozyk hainbat baldintza gehitu zituen, besteak beste, erabat aske utzi aurretik, denboraldi batean erdi-askatasun erregimena ezartzea edo kontrol-tresna elektronikoak eramatea.

Paroten arreba Urtsoak salatu du azken eskaera aurkezteko espetxe-zerbitzuekin dosierra osatzen ari zela, ez zietela baldintza berri horiez deus aipatu eta, aurreko bi eskaerekin gertatu bezala, anaiari baldintzapeko askatasuna ez onartzearen «atzean arrazoi politikoak» daudela.

BIZIARTEKO ZIGORRA

Ion Kepa Parot, Jakes Esnal eta Frederik Haranburu Estatu frantsesean urte gehien daramaten euskal presoak dira. 1990ean atxilotu zituzten eta biziarteko espetxe zigorra ezarri zieten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo