Markel IRIZAR RadioShack taldeko txirrindularia
«It's Wiggins time!!»
2010. urtean, Sky taldeak, Britainia Handiko komunikabide garrantzitsuenen jabe Murdock jaunaren eskutik, errepideko tropel profesionalean egin zuen debuta. Pistan izugarrizko arrakastak lortu eta gero, Murdock jaunak Britainia Handian bizikletaren erabilera eta bizitza osasuntsua sustatu nahi zituen, eta pistatik zekarten filosofia berarekin ekin zioten errepideko denboraldiari.
Kasko eta arropa super-aerodinamikoak, hoteletan koltxoi eta burkoak aldatzeko jendea taldean, hoteleko geletan «baporettoa» pasatzen zuten alergiarik ez edukitzeko, sukaldaria, plater obalatuak, autobus eta kamioi ikusgarriak... Gauza mordo batean izan ziren, eta dira, aitzindari, baina lehen urtean emaitzak ez zitzaizkien espero bezalakoak irten, pentsamolde klasikoagoa zuen jendeak barre ere egiten zien.
Beraien helburua, lehen aldiz ingeles batek Tourra irabaztea zela zioten, eta horretarako Bradley Wiggins fitxatu zuten. Wiggins pistan zaildutako txirrindulari bertutetsua zen. 81 kilotik 71ra jaitsi, eta erlojupeko espezialista eskaltzaile bihurtzea lortu zuten. Wigginsekin batera, bere inguruan sekulako taldea osatzen joan dira eta ezbairik gabe esan daiteke gaur egungo modako taldea dela. Eta ondorioz, haiek markatutako joera horiek jarraitzera eramaten gaituzte talde gehienak.
Ez dakit Wiggins Tourra irabazteko gai izango den ala ez, baina argi dago orain, Wigginsek pistan Olinpiar Jokoetan urrea irabazi eta bere lagun eta senideek erabili zituzten kamisetek zioten leloa guztiz betetzen dela. Izan ere, Bradleyk urrea irabazi zuenean, haren ama ikusi genuen It's Wiggins time!! (Wigginsen garaia da) esaten zuen kamiseta jantzita.
Ba, horrela, orain, ez da Wiggins time bakarrik, Sky time ere bada. Horrexegatik, okerrik gabe esan daiteke It's Wiggins time, It's Sky time!!. Zeren Tourra irabazi ala ez, esan daiteke azken garai eta bolada beraiena dela, Wigginsena eta Skyrena.