GARA > Idatzia > Euskal Herria

EAJk atez ateko sistema «zentzugabea» gelditzeko eskatu dio Salaberriari

Gipuzkoako hainbat herritan atez atekoaren aurka bildutako 60.000 sinadura baliatu zituzten atzo jeltzaleek eskaera egiteko. Oraingoz, ez dituzte publikoki aurkeztu eta ez dute horiek jasotzeko prozedura azaldu.

GARA | DONOSTIA

EAJk sortutako Gipuzkoa Garbia plataformako kideek hondakinen atez ateko bilketa sistema «zentzugabea» gelditzeko eskatu zioten atzo Haritz Salaberria Ingurumen diputatu berriari. Iragan uztailaren 6an Batzar Nagusietan EAJk berak, PSEk eta PPk aurkeztutako zentsura mozioak kargutik kendu zuen Juan Carlos Alduntzin eta ordezkoa da Salaberria. Sinadurak eskuan, hondakinen kudeaketa arloan «Gipuzkoako gizarteak eskatzen duenaren irakurketa egokia» egiteko eskatu zuten jeltzaleek.

Zarauzko Udaleko EAJko bozeramaile Imanol Lasak egin zituen adierazpenok Donostian, Nahikari Otermin Pasaiako Udaleko bozeramaile jeltzaleak eta EAJko Gipuzkoako hainbat ordezkarik lagunduta.

Lasaren arabera, Bilduk alkatetza duen Gipuzkoako hainbat herritako hogei plataforma inguruk atez ateko zabor bilketaren kontra 60.000tik gora lagunen sinadurak bildu dituzte, baina hala ere, horiek guztiak ez dituzte publikoki aurkeztu eta horiek jasotzeko prozeduraren berri ere ez zuten eman.

«Herri askotan lortutako sinadura kopuruak Bilduk udal hauteskundeetan lortutako boto kopurua gainditzen du», adierazi zuen. EAJk 80.000 boto inguru lortu zituen udal hauteskundeetan; PSEk, 59.000 eta PPk, 34.000 inguru; Bildu koalizioak aldiz, 119.000 boto jaso zituen.

Haren iritziz, sinadura horiek «gipuzkoarren gehiengoa birziklatzearen alde» dagoela islatzeaz gain, «Bilduk hartutako aldebakarreko erabakiaren kontra» dagoela adierazten dute.

Sinadura bilketa Bildu Udalean buru den hainbat herritan egin zuten; besteak beste, Bergaran, Zarautzez, Tolosan, Mutrikun, Ordizian eta Pasaian.

IRAILEAN

EAJko Imanol Lasak adierazi zuen inposizioari jarritako moziotik ikasi behar duela Bilduk, «koalizioak ekainean gainditu ez duen ikasgaia» irailean gainditu beharko duela ohartarazita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo