GARA > Idatzia > Mundua

Tuareg independentistak garaitu dituztela diote talde islamistek

Ansar Dine talde islamistak Azawad -Maliko iparraldeko tuaregen lurraldea- osoa kontrolpean duela iragarri du eta MNLA talde independentistako indarrak bere azken gotorlekutik kanporatu dituela esan du. MNLAk independentziaren aldeko borrokan Maliko Armada garaitu bazuen ere, atzera egin du talde jihadisten erasoen aurrean. Orain Ansar Dinek lege islamikoa Azawad osoan ezartzeko oztoporik ez duela izango nabarmendu du.

p019_f01_148x104.jpg

GARA | BAMAKO

Ansar Dine talde islamistak Azawad osoa kontrolpean duela eta MNLAko independentistak bere azken gotorlekutik kanporatu dituela iragarri du. MNLAk Maliko Armadaren aurkako borroka burutu zuen eta Azawadetik (iparraldean dagoen tuaregen lurraldea) botatzea lortu zuen. Alta, aldi berean talde islamista armatuek ere euren posizioak hartu zituzten eta independentisten eta islamisten arteko borroka hasi zen.

Sanda Ould, Ansar Dineko bozeramaileak, adierazi zuenez, orain talde horrek «sharia (lege islamikoa) Gao, Kidal eta Tombuktu eskualdeetan ezarriko du». Izan ere, talde honen buru Iyad Ag Ali eta kideak tuaregak badira ere, beren helburua ez da independentzia, sharia Mali osoan ezartzea baizik.

Tombuktun eta Gaon atzera egin ondoren MNLAko militanteak Ansongo hirian babestu ziren, Gaotik 100 kilometrora, baina Ansar Dineren esanetan, hortik ere bota egin dituzte. «Inork ezin izango du orain jihadisten helburu sakratua galarazi, fedegabeen sinbolo guztiak suntsitzeko prest gaude-eta», adierazi zuen Ouldek Ansongo hartu ondoren.

Islamistak hasi dira zigor fisikoak ezartzen moralki gaitzesgarritzat jotzen dituzten jokaerengatik, senar edo emaztea ez den norbaitekin sexu harremanak izateagatik edo alkohola edateagatik, adibidez.

Gainera, Tombuktun, ehunka urte duten hainbat mausoleo suntsitu dituzte fedearen aurkakoak direlakoan.

Aldi berean, Ansar Dinek bere ikurra aldatu du inguruan beste talde islamistengandik -Aqmi (Al Kaeda) eta Muajo - bereizteko asmoz. Hala eskatu dio Blaise Compaore Burkina Fasoko presidenteak, Maliko gatazkan bitartekari lana hartu duenak. MNLAren arabera, Burkina Fasok islamistak babestu eta suspertu ditu. Uagadugun Mendebaldeko Afrikako estatuek egin zuten azken bileran Ansar Dine eta Mujao talde jihadistak gonbidatzea gaitzetsi zuten independentistek, aldi berean MNLA baztertu zutelako.

Kanpoko esku hartzea

Laurent Fabius Atzerri ministro frantziarrak nazioarteko esku hartzea laster irits daitekeela uste du . «Litekeena da une batetik bestera Maliko iparraldean indarra erabiltzea», adierazi zuen. Afrikako Cedaok -Mendebaldeko Afrikako estatuak biltzen dituen erakundeak- 3.300 soldaduek osatzen duten indarra prestatu du dagoeneko eta orain Nazio Batuen Erakundearen baimenaren zain dago.

bahituak

Bahitutako zazpi aljeriarretatik hiru askatu ditu Mujao mugimendu jihadistak, joan den astean negoziazioak hautsi bazituen ere. Aljeriarrak Gaoko kontsuletxean bahitu zituzten apirilaren 5ean talde horretako kideek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo