Udate
Afflelouren erabakiak ez diela jaiei eragingo esan du Baionako Udalak
Alain Afflelouk Baionako jaiekiko partaidetza bertan behera utzi izanari garrantzia kendu zion atzo Udalak, eta egitarauan ez duela eraginik izango nabarmendu. Zezenketen aurkako elkarteen jarrerak tamaldu zuen Herriko Etxea, Afflelouren erabakia bultzatu duelako.
A.B. | BAIONA
Baionako Herriko Etxeak, agiri baten bidez, Alain Afflelouren erabakia atsekabez hartu duen arren, onartzen duela adierazi zuen atzo. Betaurreko enpresak joan den apirilean herriko jaiak mantentzeko hitzemandako 500.000 euroko diru laguntza bertan behera uzten zuela jakinarazi zuen asteazkenean. Enpresari sostengua adierazi zion lehenik Herriko Etxeak: «Erabakia, zezenketen aurkako elkarteen erruz enpresak bizi duen garai zail batean hartu da, azken hilabeteotan mehatxu eta xantaiak jasan baititu». Gertakari horiek marka kaltetzen ahal dutela ohartarazi zuen Udalak.
Partaidetza gutxietxi
Jaien 80. urteurreneko egitarauan, erabaki horrek ez duela inolako eraginik izango argi utzi zuen Udalak. Prebentzio ekintza batzuk soilik baztertu beharko dituztela zehaztu zuen. Joan den apirilean, alta, Baionako auzapezak jaiek hiriari gastu handia ekartzen diotela adierazi zuen, eta, besteak beste, egoerari aurre egiteko, besten sarrera ordainarazteko aukera mahai gainean jarri zuen. Eztabaida pil-pilean zegoelarik, Afflelouk 500.000 euroko diru laguntza emango zuela esan zuen. Atzo, berriz, betaurreko egilearen partaidetza gutxietsi zuen Udalak. «2012. urteko jaien aurrekontua duela zenbait hilabete itxia dagoela, Afflelouren partaidetza jadanik ekonomia eta errezeta berriak zituen aurrekontu bati gehitua genuen», baieztatu zuen.
Uztailaren 28an, iraganen den zaldi zezenketak zezenketen aurkako elkarteen kexua piztu du. Ekimen horren eta jaien arteko loturarik ez dagoela argi utzi nahi izan zuen Udalak.