GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sega Euskal Herriko finala

Hiru gipuzkoar eta nafar bat iritsi dira egun handira

Juanjoxe Lizaso, Jexuxmari Ormaetxea, Mikel Alkorta eta Jon Kanflanka lehiatuko dira bihar Leitzan, 12.00etan, txapela lortzeko asmoarekin.

p034_f02_148x140.jpg

Jon LEUNDA

Jexuxmari Ormaetxea, Juanjoxe Lizaso, Mikel Alkorta eta Jon Kanflanka lehiatuko dira bihar Leitzan, 12.00etatik aurrera, Erreka auzoko Urtotxiki baserriko belardietan. Bakoitzak ordubete izango du lanean aritzeko, eta tarte horretan belar kilorik gehien ebakitzen duenak lortuko du Euskal Herriko txapela.

Juanjoxe Lizaso izango da askorentzat txapela lortzeko faborito nagusia. Bera da egungo txapelduna, eta aurten Gipuzkoakoa ere berak jantzi du. Kanporaketan bigarrena izan zen, baina orduan ordu erdikoa zen lana, eta horrek ere gauzak dezente alda ditzake.

Finaleko berrikuntza nagusia Jexuxmari Ormaetxea izango da. Orendaingoak iaz ezin izan zuen parte hartu lesio bat zela medio, baina aurtengorako osatu da. Hala ere, Gipuzkoakoan aurten ezin izan zuen parte hartu gaixorik zegoelako, baina hori ere gainditu, eta finalera unerik onenean iristen omen da. Euskal Herriko txapela lortutakoa da, eta faboritoetako bat da.

Mikel Alkortak irabazi zuen kanporaketa, eta bera ere ezingo da bazterrean ahaztuta utzi. Lana ordu erditik ordubetera pasatzeak gauzak dezente alda ditzake, baina asteasuarrak ongi zegoela erakutsi zuen kanporaketan, eta garaipenaren bila zelairatuko da.

Jon Kanflanka izango da nafar bakarra; izan ere, gainerako guztiak gipuzkoarrak dira. Leitzarrak bere zaleen aurrean egingo du lan, eta ahalik eta txukunen ibili nahiko du. Kanporaketan azkena geratu zen.

Segalariek aitzakiarik gabeko lekua izango dutela esan dute, eta sailak denontzat ongi jarrita daudela ere iragarri dute. Beraz, ez dute lan on bat egiteko aitzakiarik izango. Belarraren pisua ere alda daiteke; izan ere, euria iragarrita dago azkeneko ordu hauetarako, eta horrek ez die kirolariei kalterik egingo. Txukun ebakitzea ere garrantzitsua izango da, bai, behintzat, final handia zigorrik jaso gabe amaitu nahi baldin badute.

Harri-jasotzea

Alegiako harri-jasotzeko Txintxarri sariketa jokatuko da bihar, 18.30etik aurrera, Larraitz plazan. Pasa den urtean, harri-jasotzaileak korrikalariekin nahastu zituzten, eta aurten, trontzalariekin uztartuko dituzte.

Talde batean Irigoien, Izeta III.a, harri-jasotzen, eta Josune Gorostidi eta Lurdes Intxausti trontzan arituko dira. Beste aldean, berriz, Izeta II.a eta Izeta IV.a arituko dira harriak jasotzen, eta trontzan, berriz, Ana Lopez eta Itziar Nuñez lehiatuko dira. Harri-jasotzaileek 125 kiloko kopari 50 jasoaldi eman beharko dizkiote, 112,5eko kubikoari 40 jasoaldi, 100eko zilindro zaharrari 60 eta 100eko bolari 50. Tartean, trontzalariek seina epai emango dizkiete enborrei.

Aizkolari gazteak ikusteko aukera paregabea izango da Iruñeko jaialdietan

Sanferminen inguruan Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatzen dituen jaialdietan, gaur herrialdeko hirugarren mailako kanporaketa jokatuko dute, eta bertan parte hartuko duten aizkolaririk gehienak oso gazteak dira.

Kañamares IV.a, Pikabea, Eneko Saralegi, Eraso, Goñi, Olano II.a, Etxeberria II.a, Miguel Angel Etxeberria, Telletxea eta Erasun II.a arituko dira gaurko ekinaldian. Bakoitzak bi kana-erdiko moztuko ditu.

Iruñeko Foruen plazan 12.00etan hasiko den jaialdian, herrialdeko orga-jokoko finala ere jokatuko da. Bujan eta Urrutia izango dira lehian arituko diren kirolariak. J.L.

Kanporaketa

Orain dela bi aste jokatu zen kanporaketa Erratzun, eta han Mikel Alkorta izan zen irabazle. Hala ere, Lizaso eta Ormaetxea agertzen dira faborito nagusien zerrendan.

Lana

Segalari bakoitzak ordubete izango du lanean aritzeko, eta tarte horretan belar kilorik gehien ebakitzen duen kirolariak lortuko du aurtengo Euskal Herriko txapela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo