Hiru pertsona hil dira Donibane Lohizuneko eta Hendaiako hondartzetan
Itsasoa bare egonagatik, igandekoa egun beltza izan zen Lapurdiko hondartzetan. Izan ere, Donibane Lohizuneko hondartza nagusian pertsona bat hil zen eta beste bi, berriz, Hendaiakoan eta Abbadiako erlaitzean.
A.M | DONIBANE LOHIZUNE
Itsasoa bare-bare zegoen arren, hiru hildako izan ziren joan den igandean Lapurdiko kostaldean. Lehenaren gorpua oso goiz, sorosleak oraindik bere zerbitzuan hasi aitzin, aurkitu zuten Donibane Lohizuneko hondartza nagusian, Zaldien Arta deiturikoaren inguruetan.
Tarnoseko 77 urteko emakumearen gorpua uretatik aterata, hura suspertzeko saiakera guztiak alferrikakoak izan ziren. Nonbait emakumeak bihotzekoa izan zuen uretan zegoela. Bere senide batzuk hondartzan bertan zeuden.
Beste udatiar bat antzeko inguruabarretan zendu zen Hendaiako hondartzan. Arratsaldeko laurak aldera, Bi Ahizpak izeneko inguruan, 82 urteko gizonezko baten gorpua atera zuten uretatik. Sorosleek eta larrialdietako zerbitzuek masaje kardiakoa egin zioten, baina, kasu horretan ere, emaitzarik gabe. Gizona Bearnoko Leskarre herritik etorria zen Hendaiako hondartzara.
Hirugarren hildakoa herri berean Abbadiako eremuko erlaitzapean dagoen hondartza txikian gertatu zen. Goizeko hamarrak aldera 55 urte inguruko gizonezko baten gorpua aurkitu zuten. Oraingoz ez dakite nor den. Poliziak adierazi duenez, litekeena da erorketa baten ondorioz zendu izana.
Txirrindularia hilda
Bestalde, atzo jakin zen larunbat goizean txirrindulari bat hilik suertatu zela San Inazio mendatean, anbulantzia batek harrapatuta. Gironda departamenduko Saint-Pierre d'Aurillaceko emakume bat da hildakoa.
Ikerketa bat abiatu da gertatutakoa jakiteko, baina, dirudienez, anbulantzia zeraman 22 urteko gidariak, ibilgailu ilara bat aurreratzen ari zela jo zuen txirrindularia.
Nafarroako Larrialdi Zerbitzuak 71 urteko gizon baten bila dabiltza Erratzun. Gizona, Carollako auzokidea, pasa den igandean desagertu zen herriko kanpin baten inguruan.