Konkistatik 500 urtera, Nafarroa inoiz baino biziago dagoela oroitarazi dute
Aitor AGIRREZABAL | IRUÑEA
Nafarroako konkistaren V. mendeurrena dela-eta, 1512-2012 Nafarroa Bizirik plataformako kideak Iruñeko Aduana txokoan elkartu ziren.
Konkista ez da ospatzeko gaia, baina haiek azaldu zuten moduan, «herri hau bizirik dagoela ospatu eta aldarrikatu» nahi dute. «Galdu genuen burujabetza, lapurtu zigutena, hobe esanda, aldarrikatzen ari gara», gehitu zuen plataformako kideetako batek.
Egun hauetan, hainbat ekitaldi burutu ditu plataformak, herriak historia ahantz ez dezan, eta era berean «orain dela 500 urte gertatutakoa, gaur egun ere gertatzen ari dela» salatzeko. Urte askotan zehar bat egite adiskidetsu bat balitz bezala saldu nahi izan dute batzuek konkista, eta plataformak gertatutako guztia argitzeko jomuga du: «Gure iragana mendeetako gau ilunetik ateratzen ari gara».
Herriak bere burujabetza lortzea da Nafarroa Bizirik-en beste helburuetako bat. «Iragana ezagutuz, bere oraina ulertu eta etorkizunaren jabe izango den herria» defendatzen dute.
Nafarroak kateak armarrian nahiz armarritik kanpo dituela dio Fermin Balentziak bere kanturik ezagunenean, eta halaxe ulertzen dute atzo bildutakoek: «Madrilekin eta Parisekin lotzen gaituzten kateak apurtzeko gai den herria da gurea».
Ekitaldi gehiago
Gaur beteko dira 500 urte Albako dukearen tropek beren kanpamentua Takonera parkean ezarri zutenetik. Horren harira, Iruñeko Zaldi Zurian ekitaldia egingo du plataformak, 20.30ean, eta ondoren, Petti kantautore beratarrak kantaldia eskainiko du.
Bestalde, bihar eguerdian, Aduana txokoan, gaztelar armada Iruñean sartu zen leku berean, kalte-ordain ekitaldia egingo dute, konkistaren errepresioa jasan zutenen alde. Era berean, Euskal Herriko udal guztiei Nafarroako bandera haga erdian eta xingola beltzarekin jartzeko deia luzatu diete plataformakoek.