AIZKORA Txapeldunen Liga
Mugertza II.ak aukerarik gabe utzi du Azurmendi
Arriarangoak galdu egin ditu orain arte jokatu dituen saio guztiak.
Jon LEUNDA
Ugaitz Mugertzak aurrera egiteko inongo aukerarik gabe utzi zuen herenegun arratsaldean Iñaki Azurmendi; izan ere, Euskal Herriko txapeldunak galdu egin ditu jokatu dituen hiru saioak. Mutrikuarrak, berriz, gauzak ez ditu erraz izango, baina jokatu dituen bi neurketetatik bat irabazi eta bestea galdu egin ditu, eta aurrera egiteko itxaropenei eutsi egiten die.
Bi gipuzkoarren arteko dema oso estua izan zen, eta amaieran oso tarte txikia izan zen bien artean. Jendeak bestelakorik pentsatzen bazuen ere, iraupen probak erabaki zuen neurketa, eta horrek Mugertzaren alde egin zuen.
Kolpekako lana Azurmendik irabazi zuen. 41 nahikoa izan zituen 45 ontzako enborra erdibitzeko, eta mutrikuarrak bat gehiago behar izan zuen. Bigarren lanean, ordea, Ugaitzek buelta eman, eta aurretik jarri zen. 45 ontzako enborra 56 segundoan bota zuen, eta lau segundo kendu zizkion Arriarangoari, hiru segundo aurretik jarriz. Hirugarren lanean, Euskal Herriko txapeldunak aurka zuen aldea segundo batez murriztu zuen, zutik jarrita zegoen 45 ontzakoa mozteko 2 minutu eta 22 segundo behar izan baitzituen. Bat gehiago Ugaitzek.
Laugarren lanaren amaieran, Arriarangoa aurretik jarri zen, alde dezentea kendu baitzion 60 ontzakoa mozten. 1.57 izan zen Azurmendiren denbora, eta 2.18, berriz, Mugertzarena.
Bosgarren ekinaldian, ordea, Mugertza izan zen tarte dezentea bere alde lortu zuena. Zutik eta etzanda jarrita zeuden bi 45 ontzakoak mozten minutu eta 28 segundo behar izan zituen, eta 3.45 izan zen Iñakiren denbora. Azkeneko lanean, aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko erdibitu behar izan zituen, eta Mugertzak irabazi zuen. 8 minutu eta 15 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko, eta 8.20 izan zen Iñaki Azurmendiren denbora. Lan guztiak burutzeko, 18 minutu eta 2 segundo behar izan zituen Ugaitz Mugertzak, eta 18 minutu eta 5 segundo behar izan zituen, berriz, Iñaki Azurmendi txapeldunak.
Gipuzkoako finala
Etzi, osteguna, 18.30etik aurrera jokatuko da Mendaroko pilotalekuan Gipuzkoako Bigarren Mailako finala. Bertan, Unai Otaño, Larrañaga, Irazu, Zaldua, Telletxea eta Mugertza II.a neurtuko dira. Txapelduna Lehen Mailara igoko da.