GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak

Sebastien Sorhuet izango da Masterreko berrikuntza

Pausuko aurrelariak gainditu du bi urteko zigorra, eta berriro ere bere mailarik onena ari da erakusten.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA

Baionako Masterra prest dago. Aurten Lapurdiko hiriburuko festak inoiz baino lehenago datoz, eta bihartik igandera bitartean, egun dauden pilotaririk onenetakoak arituko dira Modernen, Binakako Txapelketaren ostean, binaka jokatzen den lehiaketarik garrantzitsuena irabazteko asmotan.

Agian, Ezkurra II.aren hutsunea izango da nabarmenena, antolatzaileek ez baitute sartu Urruñako atzelaria. Berrikuntzen artean, Sebastien Sorhuetena izango da. Pausuko aurrelariak bi urte eman ditu zigortuta, eta hori gaindituta indartsu itzuli da kantxara, eta geratu aurretik zuen distira guztia ari da agertzen. Thierry Etxeto izango du atzean, eta aurtengo txapela lortzeko faboritoen artean agertzen da bikoa.

Hala ere, lehian arituko diren lau bikoak dira oso orekatuak, eta garbi dago lauretako edozeinek irabaz dezakeela aurtengo txapela. Ongi edo gaizki egon, Waltari beti izaten da protagonista, eta oraingoan ere izango da. Azkeneko urte hauetan nagusi agertzen da denboraldiko lau lehiaketarik garrantzitsuenetan, eta Baionakoa horietako bat denez, Kubako aurrelaria bere mailarik onena ematen ahaleginduko da berriro ere.

Txapelketa bihar abiatuko da, eta lehen finalerdian Waltari eta Ducassou Bielleren eta Ozafrainen aurka neurtuko dira. Partida hau Kubakoaren araberakoa izango da, bera mailarik onena emateko gai baldin bada, oso zaila izango baita bera mendean hartzea. Gainera, berarentzat oso leku aproposa da Moderne, kristalezko trinketak askoz biziagoak izaten baitira.

Bigarren finalerdia, etzi, ostegunean, jokatuko da, eta bertan Sorhuet eta Etxeto Ibarrolaren eta Harizmendiren aurka neurtuko dira. Batzuen ustez hau da final aurreratua, baina ikusi beharko da pilotariek zer-nolako maila ematen duten. Bi partidetako irabazleak igande eguerdian, 11.00etan, lehiatuko dira Moderneko final handian.

Sarrerak ere jadanik salgai jarrita daude, eta oso itxura bikaina izango du Baionako Modernek. Finalerdietan harmailak betetzear izango dira, baina finalaren egunean ez da lekurik izango, sarrera guztiak aurretik salduta egoten baitira.

Baionako torneoa garrantzitsua baldin bada, baita Gasteizkoa ere, eta Arabako hiriburuan gaur bertan aurkeztuko dute han jokatuko den lehiaketa. 13.00etarako iragarrita dago aipaturiko aurkezpena, eta orduan jakingo da zein pilotari arituko diren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo