Irakiarrak, sektarismoaren kiribil hilgarrian preso
Azken bi urteotako egunik odoltsuenean, ehun pertsonatik gora zendu dira Iraken izan diren dozenaka ekintza armatuetan. Ekintza koordinatu hauek, ohi legez, xiiak eta gobernuko indarrak izan dituzte helburu, eta badirudi Irak ezegonkortu eta segurtasunik gabe atxiki nahi dutela. Hala, Maliki xiitaren gobernua kolpatuta, haren ahuldadea esplotatzeaz gain, tentsio sektarioak gobernaezin egin arte areagotzen dira eta eskualdeak bizi duen egoera sukoia are gehiago sutzen da oraindik. Nahi duenak ñabardura erants dezake, hots, iraganean bezalako gerra zibil hilgarririk ez dagoela egun, baina, kaosa eta diskordia xaxatzen ari direnek badirudi ongitxo dakitela zertan ari diren. Izan badituzte-eta eskualdean arma eta sosen emaileak.
Irakeko Emirerri Islamikoak, Al Kaedaren frankiziak, bere gain hartu ditu ekintzok. Agiri batean ekintzen ugaritze bat iragarri, eta tribu suniak deitu dituzte beraiekin borroka dezaten. Badirudi, hortaz, gordindu egingo direla erasook. Irakek batuta jarraitzerik izango duen ikuskizun dago, edo xii, suni eta kurduen artean hirutan banatuko ote den. Siriako gerraren nondik norakoak ere zerikusi zuzena du. Askotxo dira uste dutenak suniek Sirian irabaziko balute, Irakeko insurgentzia -funtsean sunia- sutuko luketela. Lehen estatubatuarren okupazioak legez, orain sektarismoaren kiribil hilgarriak eta eskualde mailako gerra agendek irakiarrak heriotzaren zepoan harrapatuta ditu.