Udate
Txapela buruan eta jazza belarrietan Donostian
Eguraldi ezin bikainagoarekin amaitu da Donostiako Jazzaldiaren 47. edizioa, inoiz baino gehiago euskal musikariak plazara agertu dituena, nazioarteko elkarlan interesgarrietan sarri. Madeleine Peyroux-ek Kursaalen, Neneh Cherryk (The Thing hirukotea lagun) Trinitate plazan gehi San Telmoko gauerdietako jardunak itxi zuten atzo jaialdia.
Testua: Anatz BILBAO Argazkia: Rafa RIVAS / AFP
Aurtengoak egin du, joan zaigu Jazzaldia eta gaur balorazioen txanda izango da. Hain sonoritate ederra duen jazz hitzak jai hitzarekin du gurean kidetza, eta festa borobiltzeko ohiko atzerriko izarrei, inoiz baino gehiago, aurten etxeko musikariak gehitu zaizkie. Horrela izan zen, herenegun bereziki; izan ere, Kursaalen Et Incarnatus hari orkestrak Antony & The Johnsons abeslari sonatua lagundu zuen, baita Hasier Oleagaren «Cantus Caterva» egitasmoak «Bi piano eta lau pianisten» jarduna ere, Trinitate plazan, eta, jada gauerdian, Oreka TX txalaparta taldeak, Hakon Kornstad saxofoi jotzaile norvegiarra.
Baina egin dezagun denboran aurrera. Atzo, Neneh Cherry & The Thing egitasmoaren jarduna Trinitate plazan jasotzeko zain -irrikaz gainera- eta hondartzako oholtza itxia zela -terrazek giro polita izan zuten-, Madeleine Peyrouxek itxi zuen Kursaaleko egitaraua. Estatubatuarrak lehia du Victoria Eugenian, L'Orchestre d´Hommes-Orchestres-en ikuskizunak izan duen arrakasta eta oihartzuna ikusita, hirugarren egunez programatu baitu antolakuntzak. Ez da harritzekoa, Tom Waitsen kantuak oinarri hartuta oso ikuskizun bisuala egiten baitu oholtza gainean seikote kanadarrak, umorezko antzerki moldean emana. Kantuak ederrak dira haien ahotsetan ere, soinua edozein tresnekin egiten dute (guraizez, maleta eta botez, te-ontziz...) eta barre algaraka bukatzen du batek baino gehiagok aretoan. Merezi dute izan duten arrakasta, aurtengo ikuskizun fresko eta txinpartadunetarikoa izan baita. Aparta.
Horrekin batera, hondartzako Agertoki Berdea izan da Jazzaldian akaso begirada gehien erakarri dituena; oholtza bera baino gehiago eguraldia, eta sortu den giroa. Alabama Shakes, Zola Jesus, Gary Clark, Jonathan Wilson... asko izan dira, eguerdi osteko soinu probak profitatuta, Twitter bidez mundura argazkiren bat barreiatu duten artistak, Zurriola hondartzako ikuspegia ematen zutenak. Aipatutakoen artean azkenak, «munduko oholtzarik ederrena» izendatzen zuen, «ezin da bira amaitzeko modu hoberik amestu», idatzi ostean. Gainera, Basque Culinary Centerren debuta ere atsegina egin zaio parte-hartzaileari, eguerdiak eta zelaian etzana jazza entzuteak sortzen duen relax-a medio.
Madeleine Peyrouxen jardunera bueltatuta, «zer moduz, nekatuta zaudete edo... prest? Eskerrik asko, jaialdi zoragarri honetara gonbidatzearren. Ea ondo pasatzen duzuen» esanda aurkeztu zitzaigun, boskotean. Orain urte batzuk jaialdian egona da kantaria, eta «zerbait» ezberdina eskaintzen saiatu da honakoan. Gozoa da soinua eta ederra du ahotsa Peyrouxek. Hurbileko agertzen da, zaleekin solasean -«gustatzen zait zuon erantzuna jasotzea», dio, jendeak hitz egiten diola-eta-. Beraren esanetan, hiru kantu mota daude: maitasunezkoak, blues-ak eta mozkorraldietakoak. Jazz zale ipurterreentzako lo kuluxkarako tartea da, besteok atseden atseginerako isla dugu. Emeki-emeki, badoa emanaldia. Polita izan da musikariak ondora hurbildu eta eman duen pasartea, folk kutsukoa.
Segidan, Youn Sun Nah laukotean agertu zen terrazetako eguzki galdatan, «My Favourite Thing» klasikoa, Police-ren «Message in a Bottle» edo korear kantu tradizional triste bat ematera. Gunea leporaino, entzuleria jakin-minez eta korear kantaria bikain ahotsean, proposamen berezia dugu jaialdia amaitzeko sorpresatxoa.
Gaur igandea da
Jazzaldirik «etxekoienean», euskal musikarien presentzia azpimarragarria izan da -krisi ekonomikoak bultzatuta, Udalak, musikarien mailak edo Musikeneren lanak?-, eta horren isla izan genuen igandea.
Arratsaldean, Et Incarnatus orkestrak Antony lagundu zuen. Hilabeteak ziren zuzenekoa prestatzen ari zirela, biran musika zuzendari eta piano-jotzaile batekin zetorren kantari bereziarekin batera jotzeko. Eta zuzenekoa baino lehen, Victoria Eugeniako Dantza Aretoan eta Antzoki Zaharrean aurreikusita zuten entseguren bat egin, eta aurreikusitako besteren bat bertan behera utzita, lana ondo finkatua zutelako antza.
Iluntzean ez zen nazioarteko elkarlanik gauzatu euskal musikarien eta atzerritarren artean, baina jaialdiak duen jazz gune nagusian, Trinitate plazan, sarri Atlantikoaz beste aldeko izar miretsiek izaten duten oholtza zapaldu zuen Hasier Oleaga bateria jotzailearen «Cantus Caterva» egitasmoak -ikusi behean, Yahvé M. de la Cavadaren kritika-. Oleagak sarri jo izan du Jazzaldian, beti egitasmo ezberdinetan eta oholtza batetik bestera saltoka, orain Altxerrin, gero terrazetan, beste musikarien laguntzaile sarri... Aurten ere, ostegunean Nevermind Triorekin jo zuen terrazetan gauean, Victoria Eugeniako Klubean Matt Savage piano jotzailearen hirukotean eta... Trinitate plazan, igandean. «Lehenekin jotzea erraza da, Euskal Herrian zehar dexente mugitu gara, asko ikasi eta entsegatu, jo eta jo... Savage-rekin berriz, esperimentua izan zen, elkar ezagutzen ez genuen aldetik». Baina «jaialdiko oholtza» nagusia zapaldu izana, «orain arte egindako lanaren opari» bezala hartu du bateria jotzaileak. «Pentsa, Trinitate plazan, nire kantuak jotzen nire egitasmo propioarekin...». Gainera, «guztiz hunkituta» agertu zen bertara, hurbileko bat eri du-eta.
Goizalderako pausuan, gautxorientzako saioa izan genuen San Telmoko eliza ederrean. Iaz Jan Garbarekek jazzari ireki zion esparruak oso akustika berezia du, soinuaren oihartzuna segundo asko atzeratzen baita itzuli baino lehen, eta honek sor ditzakeen aukerak esperimentatzeko proposamenak jaso ditu, Donostia 2016-k aurkeztuak. Aurrena larunbatean gauzatu zuten Aymeric Hainaux-en eta Hyperpotamusen parte-hartzearekin. Ahots hutsez laguntzen diren musikariak ditugu, loop-ez soinu geruzak sortzen maisuak, eta lankidetza baino -azkenean mikroak astindu zituzten elkarrekin-, bakoitzak bere jarduna burutu zuen, hobeto bigarrenak -Londresen bizi den euskalduna omen da!- lehenengoak baino. Beteta zen eliza hustea lortu zuten kasik, baina bukaeraraino gelditu ziren apurrek sutsu eskertu zieten jarduna.
Biharamunean, Donostiako alkatea bertan zela, Oreka TX bikoteak Hakon Kornstad norvegiar saxofoi jotzailearekin egin zuen elkarlana. «Jazzalditik orain hilabete batzuk jaso genuen proposamena», txalapartak Kornstad-en jardunari eta, beste aldetik, San Telmoko akustikari egin ahal zion ekarpenak erakarrita antza, aitortu zigun jo eta gero Arkaitz Martinezek. «Erronka oso interesgarria, baita gure eta bere dinamikaren aldetik ere. Guk gure lanak igorri genizkion aurretiaz, baina berak garrantzi handiagoa eman zion inprobisazioari», baita asmatu ere. «Jo aurretik ordubete izan genuen akustikara ohitzeko eta -dio txalapartariak- jorratzeko bideak adostu eta gero apurtu egin zituen Kornstad-ek, apropos. Bat-bateko lan hori iruditu zitzaigun ederrena».
Bakoitzak ordu laurden izan zituen bakarka aritzeko, eta txandaka beste bi saio elkarri uztartuta. Esperimentu bikaina, beste behin ere txalaparta «edozertara» molda daitekeela argi utzi zuena, ondo nork jo aurkituz gero. Kornstadek ere loop-ak erabiltzen ditu, eta tarteka opera kutsuko kantuak eman, «giro minimalista eta atmosferak sortuz». Arkaitz Martinezek eta Mikel Ugartek, beren aldetik, hiru txalaparta erabili zituzten -harri ilara luzeko zoragarri bat tarteko-, eta bidoi handi bat. Benetan ikaragarria sortu zuten oihartzuna eta, nekearen nekez porru eginda egon arren, entzuleriaren aldetik jaso zuten arreta. «Inprobisatzea ez da erraza, gu bioz gain hirugarren bat denean», aitortu digu Martinezek, baina ez da hau Oreka Tx taldekoek egiten duen antzeko aurreneko jarduna. «Tarteka egin ditugu bai», eta aurki esaterako Granadara joango dira, «eta jam session-a egingo dugu country eta blues musikariekin. Eta abuztuan Lekeition egin ohi dugu bat. Gorka Benitez, Hasier Oleaga, Teresa Zabalza, bandako lagunak...»; ez da makala izango bertan sortuko den giroa.