Ariane Kamio Kazetaria
Historien aire-portua
Larunbatez, aireportuan. Urdaiazpiko ogitartekoa eta koka-kola eskatu ditut sarrerako tabernan, hondartzatik Loiura ekarritako txiringitoa dirudien horretan. Hamalau euro eskatu dizkit barraren beste aldean dagoen zerbitzari kopetilunak; horietatik zortzi hamabost zentimetroko ogi zatiarengatik -`Cinco Jotas' batekin beteta egongo balitz sikiera!-.
Ondoan dauden mahaietako batean eseri naiz. Hondartzako terraza zirudien hark ere; ezpainetako margo gorriz zikindutako katiluak, garagardo soberakinak edalontzietan eta patata zorro baten apurrak ertz batean. Nire `Navidul'arekin bakarrizketan hasi naiz; hozkada bat, beste bat... Ez dago gaizki, baina `Cinco Jotas' bat hobeto legoke.
Gaueko 21:47 ordularian. Iritsieren atearen parean paratu naiz badaezpada, Londrestik datorren horrek jendetzaren artean erraz ikus nazan. Londres-Bilbao: Delayed.
Eseri naiz berriro hondartzako terrazan eta koka-kolaren izotzekin hasi jolasean, asperguraz. Libururik gabe, musikarik gabe, zer eginik gabe, itsasertzean toallan etzanda irudikatu dut nire burua eta, ohiturari jarrai, albokoen elkarrizketetara gerturatu dut entzumena.
Bostehun lagun inguru bagaude itxarote prozesuan. Larunbat gaua izateko jendetza dagoela iruditu zait, nork bere historiaren heldulekua bilatu nahian.
Alboan guraso talde bat. Hiruzpalau bikote. Berrogei urte ingurukoak denak; akaso baten bat zaharragoa. Britainia Handian hilabetea ingelesa ikasten pasa duten seme-alaben zain daude. Zerbait ikasiko ote zuten galdetu du batek. Baietz erantzun dio, ziur, parekoak, baina ez du konbentzitu. Aurrerago, metro eta erdi neurtzera iristen ez den moja. Isilik dago, baina norbaiten zain hori ere.
Iritsieren ate automatikoa behin eta berriro zabaltzen da eta etengabean irteten dira bidaiariak. Batzuek heldu diote beren historiari. Bikotearen eta bi alaben zain dagoen gizasemeari malkoz bete zaizkio begiak haurrak korrika gerturatu zaizkionean. Neskalaguna besotik heldu eta etxerako bidea hartu dute, beteta. Londreskoak ere heldu dira. Gazteak eta ez hain gazteak. Bagoaz hondartzatik herrira geu ere, azken batean, aireportua horixe besterik ez baita; historien aire-portua.